Julita mertzeria Zumarragako denda zaharrenetako bat da. Julita Telleriak ireki zuen, 1943an. Nerea Mendizabal, Julitaren anai baten biloba da egun nagusia. Zaharberritu egin du eta larunbatean irekiko du.
Merkataritzak ere garai gogorrak bizi ditu. Hala, inoiz baino pozgarriagoa da denda batek aurki 80 urte beteko dituela, ireki zuen familiaren eskuetan jarraitzen duela eta negozioa berritu dutela jakitea. Denda hau, Zumarragako Julita mertzeria da. Zumarragarren denda kuttunetako bat.
Julita mertzeria Julita Telleriak ireki zuen 1943an. Telleria oso emakume berezia zen: independentea eta aurrerakoia. Bere ama oso gazte hil zen eta berak etxeko lau gizonezkoen ardura hartu behar izan zuen.
Bere anai-arreba guztiak ezkondu zirenean, Julitak bere mesedetan lanean hasteko garaia zela erabaki zuen eta etxe ondoan mertzeria ireki zuen. «Ia lanik gabe hasi nintzen, baina denda oso ezaguna egin zen. Garai batean igandeetan ere irekitzen genuen, azoka igandeetan egiten baitzen», gogoratu zuen 2003an, 100 urte bete zituenean, Otamotz aldizkariari emandako elkarrizketan.
65 urte zituela, Julitak jada nahikoa lan egin zuela pentsatu zuen eta bidaiatzen hastea erabaki zuen. «Betidanik nire ilusioa bidaiatzea zen, baina lehenengo etxekoak zaindu behar nituelako eta gero dendan egon behar nuelako, ezin izan nuen. Jubilatu bitartean ez nintzela Altsasutik pasa esaten nuen. Baina ondoren, nire ahizpa Enrirekin, Erroman, Venezian, Moskun… izan nintzen».
Jubilatu ostean, bidaiatzeaz gain, herriko odol emaile elkartea sortu zuen. 90 urte bete bitartean herriko odol emaile elkarteko lehendakaria izan zen.
Julita jubilatu zenetik 2005era arte, denda alokatuta egon zen. 2005ean Julitaren anai baten bi bilobek hartu zuten denda: Nerea eta Ane Mendizabalek. Julita 2007an hil zen eta, beraz, denda berriro familiaren eskuetan ikusteko aukera eduki zuen.
Nereak ondo gogoratzen du Julita. «Nire aitonaren arreba zen. Ezkondu ez zenez, etxean gelditu zen. Aitonarekin, amamarekin, amarekin eta osaba Manuel Marirekin bizi zen. Guretzat, etxeko izeba zen. Oso modernoa zen. Dendako erakusleihoan azpiko jantziak ere erakusten zituen eta hori garai hartan ez zen batere arrunta. Denda uztea erabaki zuenean, Arantxa Pozuetaren izebei alokatu zien. Ondoren, Arantxak hartu zuen denda, gu heldu ginen arte. Arantxari oso eskertuta nago: oso eskuzabala izan zen eta asko irakatsi zigun. Izan ere, ahizpak eta biok ez genuen negozio hau ezagutzen. Ausartak izan ginen».
Nereak eta Anek bere aita Rufinoren aholkua jarraituz erabaki zuten denda hartzea. «Guk ez genituen sekula izeba eta ama dendan ikusi, jaio ginenerako izebak denda alokatua baitzuen. Hala, denda ez genuen izebak hasitako lana jarraitzeko asmoarekin hartu. Ane eta biok langabezian geunden eta aita izan zen denda hartzera animatu gintuena. Gizon ekintzailea zen. Amak poz handia hartu zuen denda hartu genuenean, noski».
Denda ireki eta urte batzuetara, Anek beste bide bat hartu zuen. Hala, Nerea da egun dendako nagusia. «15 urte hauek oso azkar pasa zaizkit. Oso gustura nago. Lan hau geroz eta gehiago gustatzen zait. Lokala hobeto aprobetxatu zitekeela iruditu zitzaidan eta berritzea erabaki dut. Etapa berri bat hasteko unea heldu da. Fatxada mantendu egin dugu. Barrualdea berritu dugu: orain, bai bezeroentzat eta bai guretzat erosoagoa da. Dena eskura dago eta artikulu guztiak bistan daude. Bestalde, mertzeriaren aldeko apustu handia egin dugu, azpiko arropa baztertu gabe. Izan ere, geroz eta mertzeria gutxiago daude. Mertzeriak lan asko ematen du, baina lan polita da. Zerbitzu bat ematen dugu: prakak edo txamarra puskatzen bazaizkizu, hemen nola disimulatu aurkituko duzu. Bestalde, Julita topaleku bat da. Jostea edo puntua egitea atsegin dutenek, txoko bat dute. Artile eskaintza zabala ere badugu. Hau guztia ez litzateke posible bezeroen eta nire lan taldearen laguntzarik gabe. Eskerrak eman nahi dizkiet».
Likidazioa
Obrak iraun bitartean, Legazpi kaleko 4an egon dira. Bihar bi lokalak itxita egongo dira, etzi Legazpi kaleko lokalean likidazioa egingo dute eta larunbatean 1943an Julita Telleriak ireki zuen dendako ateak berriro irekiko dituzte.
Nerearentzat bere izebak duela ia 80 urte irekitako dendan lan egitea oso berezia da, noski. «Ahizpak eta biok denda hartu genuenean, izeba Julita denda ikustera ekarri genuen. Asko poztu zen denda hartu genuela jakin zuenean. Arantxa Pozueta ere askotan gogoratzen dut. Duela gutxi bere ahizpa ikusi nuen eta denda berria ikustera gonbidatu nuen».
Dendako dekorazioa eta salgaiak XXI. mendekoak izango dira. Tratua, berriz, betikoa: gertukoa, atsegina eta profesionala. Julita eta Nerea bezalako emakumeekin Amazonek jai du!