Koronabirusari aurre egiteko hartutako neurriek teknologia berrien garrantzia areagotu dute. IKT On kooperatibako adituek gaiari buruz hitz egin dute.
Informazio eta komunikazio teknologiek (IKT) geroz eta pisu handiagoa dute gure egunerokoan eta pandemiak beraien garrantzia areagotu du. Koronabirusari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz, ezinbestekoak bihurtu dira, (etxetik) ikasi eta lan egitea edo lagunekin eta senitartekoekin harremana izatea ahalbidetu baitute. Urretxuko IKT On enpresak bost urte daramatza hezkuntzan IKTen erabilera egokia sustatzen eta bertako langileek 2020a nola bizi izan duten azaldu dute.
IKT On Uggasa garapen agentziak antolatutako programa batean parte hartu zuten Urretxuko eta Zumarragako hiru emakumek sortu zuten. Izaro Arbizuk irakasleek IKTen inguruko formazioa behar zutela ikusi zuen. Baliabide batzuk beraien egunerokoan mesedegarriak zirela eta horiek erabiltzen eta txertatzen ikastea komeni zitzaiela, alegia. Hala, IKT On kooperatiba sortu zuten.
Egun, irakasleei formazioa emateaz gain, argitaletxeei material didaktiko digitala sortzen laguntzen diete eta material didaktiko digitala euskarara itzultzen dute. Gainera, tramiteak online egiten irakasteko saioak antolatzea aztertzen ari dira.
Aurten materialgintzan lan egin behar izan dute batez ere, goizetik gauera ikastetxeak eskolak online ematera pasa baitziren eta horrela lan egiteko materiala behar baitzuten.
«IKTak erabiltzea gure esku dago eta erabiltzen ez baditugu ez dadila izan nola erabili ez dakigulako», dio Josune Arangurenek. «IKTak erabiltzen ez dakiena, atzean gelditu da jada», gehitu du. «Beharbada zure bizitza pertsonalerako ez dituzu nahi, baina lanean erabat txertatuak daude. Irakasleek, adibidez, ikasleak horretan ere hezi egin behar dituzte eta horretarako teknologia ezagutu behar dute. Eta ezagutza hori aplikatzeko gailuak eta konexioa behar dira», azaldu du Arbizuk.
Arangurenek erreminta asko aberasgarriak direla gogoratu du. «Irakasle batzuk oporrak online erreserbatzen dituzte, baina halako gaiak ikasleekin lantzea kosta egiten zaie. Horretarako gaude gu: IKTak nola erabili eta txertatu irakasteko».
Konfinamenduan ikastetxe batzuk beste batzuk baino hobeto moldatu zirela dio. «Helburua ikasleen beharrak asetzea izan behar da (curriculuma, emozioak, sozializazioa…), ez ahalik eta gailu eta tresna gehien erabiltzen ikastea. Teknologia bidelaguna izan behar da. Gure lana errazteko eta hobetzeko tresna bat. Konpetentzia digitala tresna batzuk erabiltzen jakitetik harago doa. Tresnak behar bezala erabiltzean, etekina ateratzean, datza. Irakaslegoak oso barneratua du hori».
Gurasoen eskaerak
Bestalde, aurten guraso askok formakuntza eskatu diete. «Lehenago ere familiekin lan egiten genuen, segurtasun digitala lantzen genuen, adibidez. Baina oraingoan guraso elkarteak izan dira guregana etorri direnak. Seme-alabek erabiltzen dituzten plataformak erabiltzen ikasi nahi dute. Eta irakasleek aurrez aurre ez daudenean elkarrekin lan egiteko erabili ditzaketen tresnengatik galdetu digute. Gizartean ikasteko beharra eta nahia dagoela ikusi dugu».
Orain arte ikastetxeekin lan egin dute, baina aurrerantzean norbanakoekin ere lan egin behar dute. «Administrazioak eta enpresek IKT bidezko harremana eskatzen digute, baina ez digute irakatsi beraien agiriak nola bete edo transferentzia bat nola egin. Zubi lan hori egiteko asmoa dugu. Bestalde, pandemia garai honetan, IKTak erabiltzen dakiten pertsonek bakardadea gutxiago pairatzen dute. Hor ere badago lana».
2020an beraiek ere asko ikasi dutela dio. «Bakoitza bere etxetik lan egiteko prest geunden, baina ez da batere erraza izan. Ez geunden urrutiko komunikaziora ohituta».