Zumarragako Etengabeko Arreta Gunea egunero eta 24 orduz irekitzearen aldeko plataformak elkarretaratzea eta manifestazioa antolatu ditu egun eta asteetarako.
Zumarragako anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunea (EAG) egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzearen aldeko Osasun Zentroa 24/7 plataformak kontzentrazioak eta manifestazio bat antolatu ditu.
Kontzentrazioak hileko lehen eta hirugarren asteazkenetan izango dira: 18:00etan, anbulatorioaren aurrean. Lehenengo biak bihar eta hilaren 16an izango dira. Manifestazioa, berriz, hilaren 12an izango da. 12:00etan abiatuko da Areizaga-Kalebarren plazatik.
Zumarragako anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunea egunero irekitzen zen: astelehenetik ostiralera 17:00etatik 08:00etara eta larunbat, igande eta jai egunetan eguneko 24 orduetan. Martxoan Osakidetzak ixtea erabaki zuen, koronabirusari hobeto aurre egiteko. Udazkenean ireki zuen, baina ordutik larunbat, igande eta jai egunetan bakarrik irekitzen da, 09:00etatik 21:00etara.
Gainontzeko egunetan Urretxuko eta Zumarragako bizilagunek anbulatoriora deitu behar dute eta bertan telefonoz artatzen dituzte edo Beasaingo anbulatoriora edo Zumarragako ospitalera bideratzen dituzte.
Erakunde Sanitario Integratuan ordezkaritza duten sindikatuek hainbat kontzentrazio egin dituzte EAGa egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzeko eskatuz eta duela bi aste herritar talde batek plataforma eratu zuen.