Urretxuko udaletxeko osoko bilkura aretoan dagoen koadroko irudia erabili dute. Iparragirrek 19 urte eman zituen Hego Amerikan. Euskal komunitateak eskatu du zigilua egitea
Uruguaiko Correosek Joxe Mari Iparragirreri buruzko zortzi zigilu kaleratu ditu, hango euskal komunitateak eskatuta. Zigiluen aurkezpena atzo egin zen Montevideon, Uruguaiko hiriburuan. Gorka Alvarez Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak eta Jon Luqui Urretxuko alkateak aurkezpenean parte hartu zuten, Internet bidez.
Aurkezpena hasi aurretik, Alvarezek eta Luquik egitasmoaren nondik norakoen berri eman zuten. «Uruguaiko euskal komunitatea gurekin harremanetan jarri zen, Iparragirreren irudiarekin zigilu bat egitea eskatu behar zutelako eta horretarako Urretxuko udaletxean dagoen koadroa erabili nahi zutelako. Udalari koadroko irudia erabiltzeko baimena eskatu genion eta baimena eman zuen. Kontuan izan behar da Iparragirrek 19 urte eman zituela Hego Amerikan», azaldu zuen Alvarezek.
Urretxu eta Uruguai
Luquik Urretxuko Udalaren eta Uruguaiko euskal komunitatearen arteko harremanaren berri eman zuen. «2019ko urrian diasporako euskaldunak Urretxun egon ziren eta Uruguaiko arduraduna ezagutu genuen. Bestalde, duela 100 urte Urretxun festa bat egin zen Iparragirreren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko eta festa horretan Benjamin Fernandez uruguaitarrak parte hartu zuen. Fernandez Uruguaiko ministro guztiahalduna zen. Uruguaik dirua jarri zuen, festa hura antolatzeko».
Bukatzeko, Alvarezek Urretxuko udaletxeko osoko bilkura aretoan dagoen koadroaren historia bitxia azaldu zuen. «Argentinako euskal komunitateak diru asko jarri zuen Urretxuko plazan dagoen Iparragirreren estatua egiteko. Horren truke, Iparragirreren koadro bat eskatu zuten. Koadro hura bidean galdu zen. Urretxuko Udalak beste bi enkargatu zituen: bata Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxera bidali zuen eta bestea udaletxeko osoko bilkura aretoan jarri zuen. Beraz, gaur aurkezten dugun zigilua egiteko erabili den koadroak Uruguai, Argentina eta Urretxu lotu ditu».