Bihartik aurrera, bi ostegunez behin herriko bertsolari baten bertso sorta bat entzun eta irakurtzeko aukera egongo da. Larunbatean Gabiriaren omenezko bertso saioa izango da
Koronabirusa eta bertsoak izan dira 2020an otamotz.eus atariko protagonista nagusiak. Eta 2021ean ere hala izango da. Konfinamenduan ZU Bertsotan bertso eskolako kideek Etxetikan korrozka bertso-katea jarri zuten abian eta herriko 100 bertsolarik baino gehiagok bidalitako bideoak ikusteko aukera egon zen. Bihartik aurrera, berriz, Urretxuko eta Zumarragako bertsolarien bertsoak entzuteko eta irakurtzeko aukera egongo da. Bi ostegunetan behin, herriko bertsolari baten bertso sortaz gozatu ahal izango da.
Mikel Iturriotzek eta Beñat Letek eman dute ekimenaren berria. «Etxetikan korrozka bertso kateak harrera ona eduki zuen. Kanpotik ikusita, gure herria ez dago euskaldunenen artean. Baina bertsozale asko dago. Komunitatea indartzeko eta bertsolariei ahotsa emateko, Otamotzen bertsolarien lana argitaratzea erabaki dugu», azaldu du Iturriotzek.
Aurreko belaunaldiei eskerrak eman nahi dizkiete. «Gure aurreko belaunaldiek lan handia egin zuten: bertso eskola martxan jarri zuten eta Martxoan Bertsoa egitasmoa sortu zuten. Guri beraiek hasitako bidea jarraitzea dagokigu».
Horretarako, helduen eta haurren bertso eskolaz arduratzeaz gain, hainbat ekitaldi antolatzen dituzte. Bihar abian jarriko den ekimenari dagokionez, bi astean behin herriko bertsolari baten bertso idatziak entzuteko eta irakurtzeko aukera egongo da. Gutxienez bi izango dira eta gehienez bost. Gaia eta doinua librea izango dira. «Formula erraza bilatu dugu, ahalik eta jende gehienak parte hartu dezan. Bi bertso idazteak errespetua eman dezake, baina gaia librea da eta bi aste izango dituzte bertsoak egiteko», azaldu du Torresek.
Oraingoan ez da bideorik egongo. «Bertso katearen helburu nagusietako bat saltsa sortzea zen eta oraingoan bertsoari eman nahi izan diogu protagonismoa».
30 bat urretxuar eta zumarragar parte hartzeko prest azaldu dira. «Herrian hainbeste jende bertsoak idazteko gai izatea azpimarragarria da. Gainera, sektore ezberdinetako jendea da. Bakoitzak bere kezkak dituenez, oso gai ezberdinak aterako dira», aurreratu dute.
Larunbatean, zuzenean
Bertsozaleek bi zita dituzte aste honetan: bihar herriko bertsolari batek idatzi eta abestutako bertsoak Otamotzen eta larunbatean, 19:30ean, Luzio Gabiriaren omenezko bertso saioa Zelai Arizti aretoan. Aurtengo saioan Andoni Egañak, Maialen Lujanbiok, Miren Artetxek eta Beñat Torres berak abestuko dute. Urtero herriko bertsolari batek abesten du eta aurten Torresi egokitu zaio. Bigarrengoz parte hartuko du Luzio Gabiriaren omenezkoan. «Herrian maila oneko bertsolariak daude. Amaiak [Iturriotz] Gipuzkoako finalerdian parte hartu zuen, adibidez. Gabiriaren omenezkoan abesten duenak, maila ematen du», aipatu du Iturriotzek.
Torresi ilusioa egiten dio Egaña, Lujanbio eta Artetxerekin abesteak, noski. «Ilusio handia egiten du. Bertso eskolako kideok astero elkartzen gara eta lanak fruitua ematen du. Gabiriaren omenezkoan abestea ez da kapritxoa, atzean lana dagoela ikusten da».