DBHko ikasleek XIX. mendea eta Iparragirreren bizitza landu dituzte
2020an Joxe Mari Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena bete da. Urretxuar guztientzat urte berezia izan da. Baita abeslariaren izena daraman institutuko ikasleentzat ere, noski.
DBHko ikasle guztiek Iparragirreren inguruko proiektuak landu dituzte. Iparragirre eta bere garaia aztertu dituzte. Iparragirreren maleta izan zitekeena jaso dute (XIX. mendeko dokumentu, irudi, olerki, egunkariekin…) eta maletako elementuekin euskaldunen migrazioak, Gerra Karlistak, euskararen bilakaera… aztertu dituzte.
Belaunaldi batek bizi izandako gertaerak hurrengo belaunaldietan errepikatzen direnez, XXI. mendeko errealitatea ondo ezagutzen duten herritarren bisita jaso dute: Monica Leiva, Andoni Lubaki, Miren Josu Aranburu, Ablaye, Julia eta Iñigo Gutierrez. Migrazioei, gatazkei eta emakumeen egoerari buruz hitz egin dute beraiekin.
Proiektuari amaiera emateko, abenduaren 22an haritz bat landatuko dute. Gainera, 2020ko munduaz egin duten lanketaren emaitza gordeko dute (egunkariak, idatziak, argazkia, artelanak, olerkiak…). Kutxa hau 2070. urtera arte itxita egongo da. Kutxa 2070eko ikasleek irekiko dute, Iparragirreren jaiotzaren 250. urteurrenean (pandemiarik gabe, espero). Hala, 2020ko errealitatea zein den eta egungo ikasleak nola bizi diren ezagutuko dute.