Maider Aldalur, Marian Carrillo eta Eguzkiñe Plazaolak irabazi dituzte Hondakinen Prebentziorako Europako Asteko otarrak
Sare sozialetan beraien ohitura jasangarrien argazkiak argitaratu dituzte
Hondakinen Prebentziorako Europako Asteari amaiera emateko, asteartean otarrak banatu ziren Urretxuko Sortzen enpresa gunean. Otarrak sare sozialetan beraien ohitura jasangarrien argazkiak argitaratu dituztenek jaso dituzte. Lau saski banatu behar ziren, baina hiru lagunek parte hartu dutenez, hiru banatu dira. Irabazleak Maider Aldalur, Marian Carrillo eta Eguzkiñe Plazaola dira.
Hiru parte hartzaileek, beraien ohitura jasangarrien berri emanda, inspirazio iturri bihurtu dira. Hori zen ekimenaren helburua, hain zuzen ere: ohitura jasangarriak ezagutzera ematea eta bizilagunak argazkiak argitaratu dituztenek jarraitzen dituzten ohituren antzekoak jarraitzea. “Banakako ekintza txikiek asko egin dezaketela ikusarazi nahi zen. Murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea denon eskura dauden ohitura jasangarriak baitira”, azaldu dute Uggasa garapen agentziatik.
Saria Bertatik Bertara ekimenean parte hartzen duten baserritarrek ekoizten dituzten produktuez osatutako otarrak izatea ere esanguratsua da. Izan ere, Bertatik Bertara ekimenean parte hartzen duten Goierri garaiko baserritarrek eta merkatariek bizimodu eta garapen jasangarriaren alde lan egiten dute. Otarrak Josune janari-dendaren eta ATA harategiaren laguntzarekin osatu dira.