Udalak 36.000 euroko inbertsioa egin du, hainbat karpa eta material erosita. Ikastetxeen beharrak asetzeko erabiliko dira orain, eta gerora, kirol nahiz kultur ekitaldietarako.
Urretxuko Udalak karpa berri bat erosi du herriko ikastetxeen beharrak asetzeko. Behar hauek pandemiarekin lotuta daude. COVID-19ak ziurgabetasuna ekarri du eta hainbat protokolo bete behar izan dira ikasturteari ahalik eta modu seguruenean ekiteko. Egoera horren aurrean, ikastetxeek udaletxera jo zuten laguntza eske. Udal arduradunei aire librean tokia behar zutela eta horretarako karpak oso egokiak direla esan zieten.
Urretxuko Udalak 35×10 metroko karpa bat du, baina hori ez da nahikoa hiru ikastetxeen beharrak asetzeko. Hori dela eta, 25×10 metroko karpa bat eta 20×10 metroko hiru karpa muntatzea ahalbidetuko zuen materiala erostea erabaki zuen. 36.000 euroko inbertsioa egin du.
Material hori guztia ikastetxeen beharrak asetzeko erabiliko da, baina etorkizunean kirol eta kultur ekitaldietarako baliagarria izango da.
Egindako erosketari esker, 20×10 metroko hiru karpa muntatu dira herriko hiru ikastetxeetan: Gainzuriko futbol zelaian, Urretxu-Zumarraga ikastolako saskibaloi kantxan eta Joxe Mari Iparragirre institutuko kirol zelaian.