Denda horietako produktuak ikusi eta erreserbatu daitezke eta aurki erosi egin ahal izango dira eta etxera eramango dituzte
Urretxuko 20 merkatarik urretxu.gureplaza.com plataforma sortu dute beraien produktuak online (Internet bidez) saltzeko.
Plataforma horren bitartez beraien produktu eta zerbitzuak salduko dituzte eta erosleekin harremanetan jarriko dira. Horra hor urretxu.gureplaza.com plataformako kideak: Aixa frutegia, Belarzain belar denda, Bidegorri kirol denda, Buen Bokado eramateko janaria, Durga Ma ioga eskola, Lofer etxetresna elektriko denda, Elisabeth ile apaindegia, Euskalduna mineralak eta fosilak, Ezpeleta argi-denda, Mi Tienda etxerako arropa, Infomadaia informatika denda, IPA 12 artisauak, Leire Santillan arropa denda, Marai&NKN arropa denda, Naturhouse Urretxu, Opticalia Urretxu, Stylo ile apaindegi eta arropa denda, Titare mertzeria eta lentzeria, Arbizu ardoak eta Xarmanki edergintza.
Aipatutako webgunean erosleek berrikuntzen berri dute eta denden eta produktuen argazkiak dituzte. Gainera, produktuak erreserbatu ahal dituzte. Aurrerago produktuak webgunean bertan erosi ahal izango dira eta etxez etxeko banaketa egingo dute.
Webgune honek erosleari bilatzen duen produktua modu errazean aurkitzeko aukera ematen dio. Pandemia dela eta, plataformek indar handia hartu dute. Izan ere, modu seguruan erosteko aukera ematen dute. Edozein tokitatik, gainera.
Urretxuko Udalaren laguntzari esker, promozio kanpaina egingo dute. Denda bakoitzeko lehenengo 10 bezeroek %50eko deskontua izango dute (deskontua 20 eurokoa izango da gehienez).Egitasmo hau Urretxuko Udalak bultzatu du eta herriko merkatari guztiek parte har dezakete.