Datorren asteartean eta urtarrilaren 19an jarriko diete koronabirusaren txertoa Argixao adinekoen egoitzakoei
56 koronabirus kasu egon dira orain arte eta 18 egoiliar hil dira
Argixao adinekoen egoitzako erabiltzaile eta langileei hilaren 29an eta urtarrilaren 19an jarriko diete koronabirusaren txertoa. Argixaoko erabiltzaile eta langile gehienek txertoa jartzea erabaki dute.
Hala jakinarazi du Carmen Hernandez adinekoen egoitzako zuzendariak, Mikel Serrano alkatearekin egindako prentsaurrekoan.
Koronabirus kasurik ez dagoela eta horri esker egoiliarrek astero bi bisita eta bi irteera dituztela ezagutzera emateko egin dute agerraldia. Irteerak egin ahal izateko, udalak 300 metroko ibilbide bat markatu du adinekoen egoitzaren inguruan. Hala, egoiliarrek, senitartekoek eta langileek toki seguru bat dute aire librean ere.
Serranok aurreko legealdian atseden toki bat egin zutela gogoratu du. «Adinekoen egoitza 2008an egin zen eta barrualdean parke bat du. Guk beste bat egin genuen kanpoaldean, aire librean toki gehiago eduki dezaten».
Hernandezek ez dutela koronabirus kasurik eman du ezagutzera. «Kasu bat dagoen bakoitzean unitate hori itxi egiten da eta unitate horretako egoiliarrek bisitak jasotzeari eta irteteari uzten diote».
Argixaon 56 koronabirus kasu egon dira: 43 udaberrian eta 13 udazkenean. 18 lagun hil dira koronabirusak jota.