Datorren urteko aurrekontua 14,95 milioi eurokoa izango da. PSE-EE, EAJ eta Elkarrekin Zumarragak alde bozkatu dute eta EH Bilduk abstentzioa eman du
Zumarragako Udalak 14,95 milioi euroko aurrekontua onartu du 2021erako. Iazkoa baino ia %20 handiagoa da, baina kontuan izan behar da udalak hiru milioi euroko kreditua eskatuko duela krisiari aurre egiteko. Aurrekontua PSE-EE, EAJ eta Elkarrekin Zumarragaren aldeko botoekin onartu da. EH Bilduk, berriz, abstentzioa eman du.
Gobernu taldeak (PSE-EE) udalaren egoera ekonomikoa ona dela eta kreditua arazorik gabeko ordaintzeko gai dela uste du. «Zorpetzeko unea da, ekonomiari bultzada emateko eta behar gehien dutenei laguntzeko», esan zuten.
Mikel Serrano alkateak Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere kredituak eskatuko dituztela gogoratu zuen. «Beste udal batzuk ere kredituak eskatu behar dituzte. Azkoitikoak, adibidez, 1,8koa eskatu behar du 2021erako eta 1,2koa 2022rako».
Ingurumena eta gazteak
Gizarte laguntzak eta etxez etxeko laguntzak aurten baino diru gehiago izango dute: gizarte laguntzak 300.000 euro izango ditu (aurten baino 77.000 gehiago) eta etxez etxeko laguntzak 711.000 euro (aurten baino 76.000 gehiago). Gainera, udalak ingurumen plana eta gaztedia plana egingo ditu. Horretaz gain, hamabi pertsona kontratatuko ditu.
Kredituko diruarekin, berriz, hainbat inbertsio egingo dira: herriaren goialdeko urbanizazioaren bederatzigarren fasea, Urdaneta eta Artiz kaleen urbanizazioa, Iparragirre hiribidearen eta trintxeraren arteko loturaren hobetzea, plazaren urbanizazioa, Euskal Herria hiribidea bulebar egiteko lehen pausoak, Secundino Esnaolatik Legazpi kooperatibara doan ibai ondoko paseoaren txukuntzea, Esteban Orbegozo auzoaren zaharberritzea, Antio hiribidearen atzealdeko parkea, azokarako karga-jasotzailea, Oletako merendalekua, Beloki pilotalekuaren irisgarritasunaren hobetzea, Agiñako pilotalekuko estalkiaren hobetzea, Zelai Arizti aretoko besaulkien aldaketa eta argiteriaren berritzea.
Serranok inbertsio hauek guztiek ekonomia biziberritzeko balioko dutela uste du. «Hiru milioi hauek herriko enpresetan eta dendetan eragina izango dute».
EH Bilduk ez zuen aldeko botoa eman, ordea. Josu Aztiria bozeramaileak krisiak komunitate sarearen garrantzia agerian utzi duela eta datorren urteko aurrekontuetan komunitatea indartzen duten atalentzat diru gutxiago egongo dela esan zuen. «641.000 euro gutxiago egongo dira herrigintzarako. Izan ere, Euskara, Kultura, Kirolak, Berdintasuna, Hezkuntza eta Ingurumena sailek aurten baino diru gutxiago edukiko dute», azaldu zuen.