Finala atzo jokatu zen, Asteasuan
Amaia Iturriotz urretxuarrak Pello Errotaren omenezko bertso sariketa irabazi du. Bigarren postuan Jon Martin sailkatu da eta bertso onenari dagokion saria Iñigo Izagirrek jaso du.
Finala atzo jokatu zen, Asteasuko pilotalekuan. Iturriotz, Martin eta Izagirrerekin batera, Erika Lagoma, Izarne Zelaia eta Unai Mendizabal aritu ziren. Gai jartzailea Maddi Labaka izan zen.
Pello Errotaren omenezko sariketa duela bi urte antolatu zen lehenengoz. Orduko arrakasta ikusirik, 2020an berriro antolatzea erabaki dute.
Iturriotz gustura ageri da. «Oso urduri nengoen eta ariketaz ariketa joatea erabaki nuen, erabat kontzentratuta. Egia esan, ez nituen besteen bertsoak entzun».
Urretxuko bertsolariak txapelketa garrantzitsuak irabazi ditu. Horien artean, Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa, Osinalde txapelketa eta Erniarraitz sariketa.