2021eko aurrekontuak ez du EH Bilduren onespena
Zumarragako EH Bilduk 2021eko aurrekontuen inguruko prentsa ohar bat bidali du. Aurrekontuak joan zen astean onartu ziren eta EH Bilduk abstentzioa eman zuen. “Murrizketa sozial handiekin” eta “proiektu estrategikorik gabe” ez garela aurrera aterako salatu dute.
EH Bilduk pandemiak desberdintasun sozialak agerian utzi dituela uste du. “Osasun krisi larri baten aurrean gaude, baina ez da pandemia bat soilik. Krisialdi ekonomiko, sozial eta ekologiko sakon baten aurrean gaude eta inoiz baino ageriago geratu dira gizartean dauden desberdintasun sozialak. Pertsona zaurgarrienak zaurgarriago bihurtu ditu: migranteak, haurrak, gazteak, prekarietatean bizi direnak eta, batez ere, adinekoak. Krisialdi ekologikoan bete-betean gaude gainera eta Zumarragako udal honek berak -EH Bilduren ekimenez- larrialdi klimatiko batean geundela aldarrikatu zuen orain urte bete”.
Hori guztia gutxi balitz, Zumarragak “bizi dituen arazo estrukturalak” inoiz baino argiago gelditu dela diote. “Aspalditik egiten ari garen diagnostikoa berresten da: muskulu ekonomiko-finantziero ahula duen udal bat dugu (geroz eta zor handiagoa eta aurrezki gutxiago dugu), adierazle sozio-ekonomiko ahulak ditugu (demografiaren gainbehera, langabezi-tasa altuenetakoa duen herria Gipuzkoan eta errenta maila baxuenetakoa ere Gipuzkoan) eta desindustrializazio prozesu azkarra bizi dugu (Arcelorren itxiera ikusi genuen 2016an eta laster gure herriko enpresa potenteenetako bat -Telleria- Urretxura joango da)”.
Hori guztia ikusita, hiru gauza eskatu zioten gobernu taldeari. “Gastu soziala eta komunitarioa handitu, transizio ekologikoan abiatzeko proiektua martxan jarri eta etorkizuneko proiektuetan inbertitu. Baina, guztiz kontrakoa egin da”.
Gastu sozialean murrizketa egin dela salatu dute. “Gastu sozialen 700.000 euroko murrizketa egin da. Eremu guztietan: gizarte zerbitzuak, hezkuntza, gazteria, euskara, ingurumena, kultura eta kirola. Justu indartu behar diren eremuak izanik, jaitsiera izugarria dago”.
Nabarmendu behar dugu 163.000 euro gutxiago daude programa sozialetan eta berdintasunean. 145.000 euro gutxiago daude (Zumarraga Lagunkoia, Elkarzain, Eguneroko Arretarako Zerbitzuan, zentro zibikoen dinamizazioan, Fiare mukrokredututan, lankidetzarako proiektuetan eta Gure Txoko eta Leturiatarako zentro zibikoarekin egiten den hitzarmenean). Berdintasuneko planeko ekintzak garatzeko partida eta berdintasunerako laguntzetara bideratzekoak 18.000 eurotik 0ra pasatzen dira.
Murrizketen zerrenda egin dute:
-
Euskara, gazteria eta hezkuntzan: 123.700 gutxiago
-
Kulturan: 293.000 euro gutxiago.
-
Kirolak: 133.000 euro gutxiago.
-
Jasangarritasunean: 25.000 euro gutxiago
-
Elkarteei beraien ekintzak aurrera eramateko laguntzetan: 200.000 euro gutxiago.
Aldi berean, 70.055,08 euro gordin irabaziko dituen antolamendu arduraduna kontratatu dela salatu dute. “Zumarragarroi 88.738,28 euroko kostua suposatuko digun antolamendu arduradun bat kontratatu dute 2021erako. Udaleko soldata altuena izango du”.
EH Bilduren ustez, udalaren egoera ekonomikoa ez da ona. “Udalak zorpetzea erabaki du. 700.000 euro gutxiago egongo dira partida sozialetan eta inbertsio guztia zorpetzearen bidez egingo da. Ez da analista ekonomiko handia izan behar arazo handi bat dugula ikusteko”.
EH Bilduren ustez ez zaie arazo estrukturalei aurre egingo, gainera. “Zumarragako etorkizuneko erronkei erantzuteko inbertsio estrategikorik ez dago. Urbanizazio asko (batzuk egin beharrekoak), baina energia berriztagarri, mugikortasun jasangarri eta biziberritze komunitariorako ezer gutxi”
Aurrekontuekin “oso kritiko” izan arren, “egoera are gehiago ez zailtzeko asmoz”, erantzukizunez eta adostasunaren alde lan egin dutela diote. “Jarrera eraikitzaile handia izan dugu hasieratik eta elkarlanerako ahalegin handia egin dugu. Egoera latz eta garrantzitsu honetan, Zumarragako EH Bilduk uste du inbertitzeko unea zela eta dela. Baina batez ere pertsonetan, komunitatean eta Zumarragaren etorkizuneko erronketan inbertitzeko unea. Horregatik, partida sozialen murrizketak irauli, biziberritze komunitarioa bultzatu eta trantsizio ekologikoa indartzeko ahalegin handia egin dugu. Horretarako, 10 konpromiso zehatz eta 510.000 euroko inbertsio-partidak proposatu ditugu”.
Gobernu taldeak proposatutako konpromiso eta inbertsio ia guztiei ezezkoa eman diela azaldu dute. “Aukera handi bat galdu da adostasunera iristeko eta bide berri bati ekiteko. Bilera guztiak gure ekimenez izan dira eta ez da negoziatzeko borondaterik egon. PSE-EEk guk egin dugun ahaleginaren laurdena egin izan balu, akordioa egongo litzateke, baina ez dute nahi izan”.
Lanean jarraituko dutela aurreratu dute. “Lanean jarraituko dugu 2021ean ere bidean geratu diren konpromisoak eta inbertsioak aurrera atera daitezen. Zumarragak beste bide bat behar du eta merezi du”.