Diru-laguntza fakturazioan gutxienez %50eko beherakada izan duten enpresentzat izango da. Abuztuan langabeziak goia jo zuen eta pixkanaka langabetu kopurua jaisten ari da.
Zumarragako Udalak 2.000 euroko diru-laguntza emango die koronabirusaren eraginez urteko lehen sei hilekoan aurreko urtean baino %50 gutxiago fakturatu zuten Argixao industrialdeko enpresei.
Diru-laguntza honen berri atzo bertan eman zuten, Argixao industrialdeko bulegoetan, Joseba Zaldua Argixao enpresa elkarteko lehendakariak, Mikel Serrano alkateak eta Rosa Maiza Garapen Ekonomiko zinegotziak.
Alkatearen hitzak
Serranok helburua krisiaren eragina txikitzea dela esan zuen. «Okerren pasatzen ari diren enpresei lagundu nahi diegu eta enpleguari eusteko egiten ari diren ahalegina eskertu. Erakunde publikoen eta pribatuen arteko elkarlana ezinbestekoa da aurrera ateratzeko. Argixao industrialdeko enpresek eta udalak hitzarmen bat sinatu genuen, industrialdea berritu dugu (300.000 euroko inbertsioa egin dugu) eta orain enpresei diru-laguntza emango diegu. Eskerrak eman nahi dizkiet Argixaoko enpresei, 400 pertsonei lana ematen baitiete».
Maizak enpresek bizi duten egoerari buruz hitz egin zuen. «Uztailean inkesta bat egin genien Argixaoko enpresei. 27 enpresa daude eta 19k erantzun zuten. %50ak aldi baterako enplegu erregulazio espediente partziala eskatu zuen (lanaldi murriztua), baina %68ak ez zuen pertsonala murriztu. Enpresak eusten ari ziren».
Egoerak, pixkanaka, hobera egin du. «Martxoan, industria arloko langabetuak 87 ziren. Abuztuan 112 ziren eta azaroaren 30ean, berriz, 91. Pixkanaka, errekuperatzen ari gara. Urtarrilean langabezia %11,18koa zen, abuztuan %14,39koa eta azaroaren 30ean %12,57koa. Datozen hilabeteak gogorrak izango dira eta laguntzak beharrezkoak izango dira eutsi ahal izateko».
Zalduak Zumarragako Udalari eskerrak eman zizkion. «Pandemiari aurre egiteko tresna ezberdinak erabili ditugu, baina egoera luzatu egin da eta udalari laguntzak eskatu beharra ikusi dugu. Eskerrak eman nahi dizkiot Zumarragako Udalari eskaini dizkigun laguntzengatik».