Euskal selekzioak lan txukuna egin du asteburuan jokatu den Mendi Eskiko Espainiako Txapelketan. Nesken proban, laugarren bukatu du Campos zumarragarrak.
Bi domina lortuta, aho zapore gazi-gozoarekin bueltatu dira Euskal Selekzioko kideak Mendi Eskoko Espainiako Txapelketatik. Hiru egunez aritu dira lehian, Boí Taüll-eko (Herrialde Katalanak) eski estazioan. Aurreko egunetan, brontzezko domina lortu zuten errelebo proban, eta beste horrenbeste egin du Nahia Quincoces, larunbatean jokatutako bakarkako proban.
Atzokoa, ordea, ez zen egunik onena izan selekziokoentzat. Igoerako probak jokatu zituzten, eta emakumezkoetan Igone Campos zumarragarra (33:05) izan zen euskal ordezkaririk onena; laugarren bukatu zuen ordea, eta ez zuen podiuma zapaltzerik lortu.
Igor Alzelai selekzionatzailearen hitzetan, “egun zaila” izan zen atzokoa. “Eskiatzaile batzuk, egun hauetako nekea nabaritu dute. Azken emaitzak hobeak izan zitezkeen. Lanean jarraitzea besterik ez zaigu gelditzen”.