Jose Busca Otaegik grabatu zuen
Jose Busca Otaegik 1940ko hamarkada amaieran Santa Isabeletan ‘tomavistas’-ekin grabatutako irudiekin prestatutako bideoa herriko telefono guztietara heldu da gaur goizean.
Dantzarien artean, Inixio Zaldua eta Imanol Apaolaza daude. Bideoan Jose Maria Busca Isusi eta bere emazte Carmen Agirre ere ageri dira. Baita Maria Dolores Artetxe ere (elizan sartu baino apur bat lehenago). Bideoan ageri dira ere, besteak beste: Don Domingo parrokoa, Jose Larrea, Prontxio eta Timoteo aguazilak (suziria pizten), Juan Unanue alkatea…
Busca Otaegik 1948ko jaunartzeak ere grabatu zituen. Bere semeari (Jose Ignacio Busca) pelikulak errebelatzeko zailtasunak izaten zituela esan zion. Donostiara eraman behar zituen eta oso garesti ateratzen zitzaion. Fernando Alvarez Buscak, Jose Ignacioren ilobak, pelikulak filmotekara eraman zituen eta handik mp4 formatoan ekarri ditu.
Jose Ignacio Buscak Santa Isabel eguneko bideoa Whatsapp bidez lagun bati bidali zion eta dagoeneko herri guztiaren telefonoetara heldu da. Jose Ignacio Busca Donostian bizi da aspalditik, baina zumarragar petoa da. Txinpartak kuadrillako kidea da eta iaz ere Santa Isabel egunean bazkaria egin zuten. Izan ere, kuadrillak Santa Isabel eguneko bazkariaren 50. urteurrena ospatu zuen. Buscak txistua jo zuen gaztetan eta egun trikitixa jotzen du. 65 urterekin hasi zen ikasten. “Nire birraitona Italiatik etorri zen eta berarekin soinu txikia ekarri zuen. Familian inork jotzen ez zuela ikusirik, nik ikastea erabaki nuen”.
Oier Araolazaren laguntzarekin idatzitako artikulua.