Igandean eman zuten albistearen berri. Azken urteetan Urretxuko eta inguruko parrokietan lan egin dute. Urretxuko etxea euskal kulturaren gotorleku izan zen
Urretxuko pasiotarrek 86 urteko ibilbideari amaiera emango diote ekainean. Azken urteetan Urretxuko eta inguruko herrietako parrokietan lan egin dute, baina garai batean Urretxuko pasiotarren etxeak indar handia izan zuen eta euskal kulturaren gotorleku izan zen. Pasiotarren eraikinak udalaren eskuetara pasa ziren duela bost urte, hitzarmen baten eskutik.
Egun hiru pasiotar daude Urretxun: Iñaki Akizu urretxuarra, Ruben Beaskoa Ereñoarra eta Jesus Mari Iturriotz beizamarra. Igandeko mezetan eman zuten albistearen berri.
Herria uzteko agindua pasiotarren probintzia buruengandik heldu zaie. «Duela zazpi urte, pasiotarren probintzia buruek hitzarmen bat sinatu zuten gotzaindegiarekin. Ordutik, Urretxu eta inguruko herri txiki batzuen ardura izan dugu. Hitzarmenean jasotzen zen epea bete da eta probintziako buruek kargu pastoraletan egingo dugun azken eguna ekainaren 30a izango dela jakinarazi diote gotzaindegiari. Gure ordez nor etorriko den? Ez dagokigu guri aukeratzea eta, beraz, ez dakigu. Izendapena gotzainari dagokio. Berak erabakiko du nor izango den hurrengo parrokoa», azaldu du Akizuk.
Pasiotarren etorkizuna
Ez daki oraindik nora joango diren. «Ekainaren bigarren hamabostaldian kapitulu probintziala dugu eta hor erabakiko da gure zeregin berria. Beti parrokia giroan ibili naiz eta hala jarraitu nahi dut. Datorren hilean 68 urte egingo ditut eta bide berdinetik jarraitu nahi dut!».
Urretxu uzteak pena ematen die, noski. «Jesus Marik 80 urte bete behar ditu aurten eta Rubenek, berriz, 79. Osasuna izan bitartean hemen jarraitu nahi genuen, baina… ».
Ez da harritzekoa penatuta egotea. Izan ere, pasiotarrek urte asko daramatzate Urretxun eta lan handia egin dute bertan. 1935ean heldu ziren Urretxura, Gabiriatik. Han etxe bat zuten, bainuetxea egon zen tokian, baina toki handiagoa behar zuten. Hala, Irunen eta Urretxun ere etxeak ireki zituzten.
Hasieran pabiloi zabal bat egin zuten, hegoaldera begira. Eraikin hori erretirorako zen. Handik urte batzuetara teologia ikastetxea egin zuten. Horrekin batera, eliza eraiki zuten. Lanak 1950ean hasi ziren. 1951n teologia eskolak ematen hasi ziren eta 1953an Lurdesko Amaren eliza inauguratu zuten. Urretxuko etxean 70 bat lagun bizi izan ziren: 20 fraide eta 50 ikasle.
Apaiztegia 1968an itxi zuten. Hemengo ikasleak Deustura joan ziren eta Urretxuko etxea hustu egin zen. Eraikinetako batzuk ikastolak hartu zituen. Izan ere, pasiotarrek ikastolaren sorreran lagundu zuten.
Pasiotar ia guztiak euskaldunak ziren eta euskara maite zuten. Beraien etxean giro euskalduna zegoen eta bertako ikasleek euskara ikasteko eta alfabetatzeko aukera zuten. Herritarrei ere alfabetatze eskolak ematen zizkieten eta euskarazko kultur ekimenei babesa ematen zieten.
Ekimen hauetako asko Nekaldiaren Kofradiaren eskutik atera ziren aurrera. Kofradia hau inguruko herrietako bizilagunek osatzen zuten eta 500 lagun inguru izatera heldu zen. Fraideen eta kofradiaren babesean, solfeo, txistu eta dantza eskolak eman ziren eta gau eskola eta antzerki taldea sortu ziren. Hau guztia ikusita, ez da harritzekoa ikastola sortu zuen guraso taldeak fraideengana jo izana babes eske. Gurasoek eskolak emateko toki bat eta babesa behar zuten: legearen aurrean fraideak ziren irakasleak, nahiz eta ez zuten eskola bakar bat ere ematen. Izan ere, lehen andereñoek ez zuten titulurik.
Dena den, fraideen eta gurasoen arteko harremanak gorabeherak izan zituen. Tentsio uneak izan ziren. Pasiotarrei ikastolan elizaren aurka egiten zela iruditu zitzaien eta 1970 inguruan beraiek hartu zuten ardura. Ikastolaren hiru zuzendari pasiotarrak izan ziren. Baina ordurako fraide gutxi zeuden, ikastola hazten ari zen, fraideek ezin zieten ikastetxearen beharrei behar bezala erantzun eta 1979 amaieran ikastola berriro gurasoen esku utzi zuten. 1986an ikastolak pasiotarren eraikinaren zati bat erosi zuen. Duela bost urte, berriz, pasiotarrek eta Urretxuko Udalak hitzarmena sinatu zuten: eliza aurreko parkea eta beraien eraikinak udalaren eskuetara pasa ziren. Trukean, 39 etxebizitza libre eta 17 tasatu egin ahal izango dira pasiotarren lursail batean.
Urretxuko Udalak, pasiotarrek katekesia emateko erabiltzen zen eraikina ikastolari utzi zion. Bertan, Haur Hezkuntzako gelak kokatu zituzten. Beste eraikinean, elizaren eskuinetara dagoen horretan, Aspacekoen eguneko zentro berria eta adinekoentzako apartamentu tutelatuak egingo dira. Elizaren etorkizuna zein izango den aurki erabakiko da.