Bihartik aurrera, ezin izango da herritik atera eta tabernak itxita egongo dira
Gaur eguerdian argitaratutako txostenaren arabera, azken 24 orduetan Osasun sailak hamar positibo atzeman ditu Zumarragan eta bi Urretxun. Jaurlaritzak azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituzten herriak gorriz markatzen ditu eta Zumarraga gorriz markatutakoen artera pasa da (Zumarragak 539,66 kasu izan ditu 100.000 biztanleko azken 14 egunetan eta Urretxuk 307,51). Ondorioz, bihartik aurrera ezingo da herritik atera (ikastera, lanera edo osasun zerbitzuetara joateko bakarrik) eta tabernak eta jatetxeak itxita egongo dira.
Hala, igandean Zelai Arizti aretoan Gillen Mungiak eta Josu Okiñenak egingo duten kontzertura Zumarragako bizilagunak bakarrik joan ahal izango dira. Bi udalek elkarrekin antolatutako ekitaldiak, berriz, atzeratu egin dira: biharko ‘Baserria’ dantza ikuskizuna eta igandeko Pirritx, Porrotx eta Marimototsen saioak. Bestalde, Beloki pilota eskolak entrenamenduak eta partidak bertan behera utzi ditu.
Ertzaintzako arduradunek eta bi herrietako udaltzaingoetakoek bilera egingo dute bihar goizean, egin beharreko lana koordinatzeko.