Eusko Jaurlaritzari neurriak betetzen direla bermatzeko baliabideak eskatu dizkio
Zumarraga gorriz markatutako herrien zerrendara pasa dela jakin bezain laster, Mikel Serrano alkateak adierazpenak egin dizkio Otamotzi.
Osasun sailburuarekin gaiari buruz hitz egin zuela esan du. “Osasun sailburuari Zumarraga gorrira pasatzen bazen eta Urretxu pasatzen ez bazen zer egiteko asmoa zuten galdetu nion. Izan ere, bi herriek herrigune bakarra osatzen dute. Ez zutela neurri berezirik hartuko esan zidan. Hori dela eta, bihartik aurrera herri batetik bestera lanera, ikastera edo osasun zerbitzuetara joateko bakarrik pasa ahal izango da”.
Osasun sailburuari Barne sailburuarekin koordinatzeko eskatu zion. “Erantzukizuna udalei pasatzen digute, baina segurtasun neurriak betearaztea beraiei ere badagokie. Bi herrien arteko zubiak zaindu ditzatela”.
Herritarrei arduraz jokatzeko eskatu die. “Denok gure esku dagoen guztia egin behar dugu. Guztion ardura da gauzak ondo egitea. Zumarragar gehienok gauzak ondo egin ditugu. Erantzukizunez jokatu duten horiei guztiei animoak eman nahi dizkiet. Egoera zein larria den ulertu ez dutenei, arduraz jokatu ez dutenei, berriz, erantzukizunez jokatzeko eskatu nahi diet. Guztion ardura dela diogunean, ez dira hitz hutsak”.