Zortzi positibo atzeman dituzte eta azken 14 egunetan 621,12 kasu egon dira 100.000 biztanleko
Gaur eguerdian argitaratutako txostenaren arabera, azken 24 orduetan Osasun sailak zortzi positibo atzeman ditu Zumarragan eta bat Urretxun. Jaurlaritzak azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituzten herriak gorriz markatzen ditu eta Zumarraga gorriz markatutakoen artean dago atzotik (621,12 kasu izan ditu 100.000 biztanleko azken 14 egunetan eta Urretxuk 322,16). Ondorioz, ezin da Zumarragatik atera (ikastera, lanera edo osasun zerbitzuetara joateko bakarrik) eta tabernak eta jatetxeak itxita daude.
Hala, igandean Zelai Arizti aretoan Gillen Mungiak eta Josu Okiñenak egingo duten kontzertura Zumarragako bizilagunak bakarrik joan ahal izango dira. Bi udalek elkarrekin antolatutako ekitaldiak, berriz, atzeratu egin dira: gaurko ‘Baserria’ dantza ikuskizuna eta igandeko Pirritx, Porrotx eta Marimototsen saioak. Bestalde, Beloki pilota eskolak entrenamenduak eta partidak bertan behera utzi ditu.