Udaberri hasieran Kalebarren 2ko eta 4ko etxeak botako dituzte. Bi eraikin horietan Zumarragako bi taberna mitiko daude: Unanue eta Alaska. Herritar askok makina bat une gozo bizi izan dituzte bertan.
Udaberrian Piedad 1 eta Kalebarren 2 eta 4ko etxeak botako dituzte. Kalebarren 2an eta 4an bi taberna mitiko daude: Alaska eta Unanue. Eraikinak botatzearekin batera, herritar askoren oroitzapen gozoak gordetzen dituzten bi toki desagertuko dira.
Unanue tabernan Unanue sendiko hiru belaunaldik lan egin zuten. Garai hartan familia gehienak igandeko goizeko mezara joaten ziren eta ohiturak ondoren Unanuera joatea agintzen zuen. Bertan gabardinadun ganbak jaten zituzten. Ganba freskoak erabiltzen zituzten. Calvo arrandegian erosten zituzten. Lan egunetan, berriz, txikitero asko joaten ziren.
Unanue zumarragar eta urretxuar askoren taberna kuttuna zen, baina kanpoko bezeroak ere bazituen. Batzuk oso ospetsuak, gainera. Unanuetarrak Athletic zaleak dira eta Athleticek inoiz izan duen talde oneneko jokalariak Unanue tabernan egon ziren behin, nagusiak gonbidatuta. Zarra, Venancio, Panizo, Gainza eta enparauek Unanueko gutiziak probatzeko aukera eduki zuten.
Baina dena ez zen festa Kalebarrenen: euri asko egiten zuen bakoitzean Unanue taberna urez betetzen zen. Kaleko puntu bajuenean zegoen eta Eitzatik jaisten zen ura eta Urola ibaitik ateratzen zenak taberna barruan bukatzen zuen. 1988an urak 1,9 metroko altuera hartu zuen tabernan barruan. Unanuetarrek, nazka-nazka eginda, taberna ixtea erabaki zuten.
Alaskako nagusiak
Alaskan ere pairatu zituzten uholdeak. Taberna hau 1960ko hamarkadan ireki zen eta makina bat nagusi izan ditu. Amaia Legaristik 1980ko hamarkadan lan egin zuen bertan. «Nire senarra zenak, Kepa Olazabalek, ikasle garaian Alaska tabernan lan egin zuen. Nagusia, Iñaki, Eitza tabernara joan zenean, Kepak Alaska hartu zuen. Nik 19 urte nituen eta 60 egin behar ditut».
Euskal musika jartzen zuten. «Disko-jogailu bat genuen. Lan asko egiten genuen. Asteburuetan, kuadrilla askok Alaskan egiten zuten hitzordua. Izan ere, Tiffany’s ondoan zegoen. Garai hartan txanpan asko edaten zen. Gu izan ginen, HDko Julianekin eta beste batzuekin batera, inauteri asteartean mozorrotu ginen lehenak. Bestalde, eguneroko poteoak indar handia zuen. Bagenekien kuadrilla bakoitza ze ordutan etorriko zen: ordu batean Zubi-Ondo elkartekoak, bestean Etxe-Azpikoak… Kuadrilla bakoitzean 20 bat lagun ziren eta egunero poteatzen zuten».
Bi uholde jasan behar izan zituzten. «Bigarren uholdearen ondoren utzi genuen taberna. Anai batzuk hartu zuten».
Kepa zenari Amaiari baino gehiago gustatzen zitzaion tabernako lana. «Kepak asko gozatu zuen tabernan. Nik ez hainbeste. Gaztaro osoa tabernan pasa genuen. Tabernako lana oso lotua da: festa guztiak, santalutziak… galdu genituen. Kepari tabernako lana izugarri gustatzen zitzaion, ordea. Tabernan lan egiteko bakarrik balio zuela uste zuen eta Alaska utzi genuenean Urretxuko igerilekuetako taberna eta Urretxuko kiroldegikoa hartu genituen. Gu izan ginen igerilekuko lehen tabernariak».
15 urte tabernan
Alaskak nagusi asko eduki ditu. Horietako beste bat, Rober Garcia da. 1998an hartu zuen taberna, 27 urterekin. «Aurretik, Berit, Pagoeta eta Avenida tabernetan lan egin nuen. Taberna bat hartzeko gogoa nuen eta Alaska hartu nuen, Marianekin. Katabara hartzekotan egon ginen, baina diru gehiegi eskatu ziguten. Azkenean, Jose Luis Errastik eta Finak Alaska utzi zutenean, guk hartu genuen. Berritu egin genuen. Iñaki Mariñelarenak apaindu zuen, margolanekin. Gainera, terraza jarri genuen».
Bezero asko erakarri zituzten. «Adin guztietako jendea etortzen zen gure tabernara. Oso urte onak izan ziren. Inon ez dut hainbeste gozatu. Kalebarreneko festak antolatu genituen, Beatles taldearen abestiak jotzen zituen talde bat ekarri genuen, billarrean jokatzera ere jende asko etortzen zen…».
Garciak 2013an utzi zuen Alaska taberna. Ordutik, Alaskak hainbat nagusi izan ditu. Nola ahaztu Edu Elias brasildarraren garaiko festak? Azken urteetan itxita egon da, baina bezero ohi batzuk tabernako leihoan elkartu eta bertan berriketan egoten dira. Garai batean bezala. Aurki eraikina botako dute eta ezingo dira bertan elkartu. Baina oroitzapenek bizirik iraungo dute. Oroitzapen ederrak.