Beste enpresa batek antzeko izena eta logoa erregistratuak dituela esan dio
Asier de la Iglesia zumarragarrak Txispa markako garagardoa ekoizteari ekin zion udaberrian, esklerosi anizkoitzaren ikerketaren alde. Beste enpresa batek antzerako izena eta logoa erregistratuak dituela esan dio eta izen eta logo hori erabiltzeari utzi behar dio. De la Iglesiak beste enpresa horren izenak eta logoak bereen antz handirik ez dutela uste du, baina badaezpada ere bere garagardoaren marka eta logoa aldatu egingo ditu. Aste honetan utzi behar dio Txispa garagardoa saltzeari eta stock-ean dituen garagardo guztiak saldu nahi ditu.
Horra hor Asier de la Iglesiaren hitzak. “60 milioi euro fakturatzen duen enpresa baten gutuna jaso nuen, antzeko izena eta logoa erregistratuak zituztela esanez. Denek arrazoia nik dudala esan didate, baina epaiketak luze jo dezake eta epaia eduki arte saldu gabe egotea oso gogorra izango litzateke markarentzat. Mezu asko bidali dizkiet eta ez didate erantzun. Bi hilabete eskatu nizkien eta ez dut erantzunik jaso. Hori dela eta, aste honetan utziko diot Txispa markako garagardoa saltzeari. 15.000 botila ditut eta zorionez jendea erantzuten ari da. Nire mezua 300.000 lagunek ikusi dute sare sozialetan eta atzo 6.000 botila saldu genituen cervezatxispa.com webgunearen bitartez”.
Urretxu eta Zumarragako bizilagunek zuzenean De la Iglesiarengana jo dezakete eta garagardoa merkeago lortuko dute: 35 euro, 24 garagardoko kaxa. Bere telefono zenbakia 680 23 00 25 da eta helbide elektronikoa contacto@cervezatxispa.com.
Ez dio garagardoa ekoizteari utziko. “Markak eta garagardoak oso erantzun ona jaso dute, dagoeneko hiru saltzaile handirekin bilerak egin behar genituen, hiru langile ditut… Marka eta logoa aldatu beharra pena da, baina ez dut amore emango. Beste marka bat erabiliko dut”.