Urretxuko liburutegiak 50. urtemuga ospatzeko antolatu dituen ekitaldien artean, Unai Madinak liburu aurkezpena egingo du gaur. Orri markagailuen lehiaketa ere martxan da.
Urretxuko liburutegiak 50 urte bete behar ditu aurten eta hainbat ekitaldi antolatu behar ditu urteurrena ospatzeko. Hasteko, orri markagailu lehiaketa eta liburu aurkezpena antolatu ditu.
Gaur, 18:00etan, Unai Madina Lizarralde gazte urretxuarrak Charlie Smith y la especie oculta liburua aurkeztuko du. Koronabirusa dela eta, ekitaldian parte hartu nahi dutenek 943 03 80 91 zenbakira deitu behar dute.
Horretaz gain, orri markagailu lehiaketa antolatu dute. Lehiaketaren gaia Liburutegiak da. Pertsona bakoitzak lan bat aurkeztu dezake. Bi maila daude: 14 urte artekoena eta 15 urte beteak dituztenena. Lanek 4,5×17 zentimetroko tamaina izan behar dute eta koloretan edo txuri-beltzean egin daitezke.
Orri markagailuak liburutegian entregatu behar dira, otsailaren 1etik aurrera. Lanak entregatzeko azken eguna otsailaren 19a izango da (12:00etan). Epaimahaia Urretxuko arte tailerreko kideek eta Sustapen Soziokulturala saileko bi kidek osatuko dute. Originaltasuna, konposizioa, diseinuaren kalitatea eta gaiarekiko lotura baloratuko dituzte.
Sariak
Maila bakoitzeko sari bat emango dute. 14 urte artekoen artean, irabazleak 100 euroko erosketa bonu bat irabaziko du. 14 urtetik gorakoei dagokienez, irabazleak 200 euroko erosketa bonua jasoko du. Sari banaketa ekitaldia otsailaren 22an izango da, liburutegian. Otsailaren 22tik aurrera lan onenak liburutegian ikusgai egongo dira.