Lurdes Idiakez irakasle zumarragarrak 40 urte daramatza Legazpiko Haztegi ikastolan lanean. Ikasturte amaieran hartuko du erretiroa. Lekukoa esku onetan utziko du: bere bi semeak ere irakasleak dira.
Esaera zaharrak Nolako zura, halako ezpala dio eta Lurdes Idiakez zumarragarraren eta bere bi semeen kasuan behintzat ez dabil oker. Idiakez irakaslea da eta bere bi semeak ere bai. 40 urte daramatza Legazpiko Haztegi ikastolan lanean eta ikasturte amaieran hartuko du erretiroa. Markel eta Alain Beltza semeei pasako die lekukoa.
Irakasle ikasketak egitea ez zen Idiakezen ametsa. «Nire buruan ez nuen irakasle izatea, baina horrela suertatu zen. Arrasatera joan nintzen UBI egitera, ahizpa han bizi zelako. Eskoriatzako irakasle ikasketak euskaraz zirenez, Eskoriatza ahizparen etxetik gertu zegoenez eta ahizpa eta koinatua irakasleak zirenez, irakasle ikasketak egitea erabaki nuen».
Ez da damutu. «Urte hauetan guztietan Legazpiko Haztegi ikastolan lan egin dut, oso gustura. 40. ikasturtea dut. Zaharrena naiz eta aurten hartu behar dut erretiroa».
40 urte hauetan Lehen Hezkuntzako irakaslea izan da, batez ere, baina urte batzuetan Haur Hezkuntza ere eman zuen. «Tutore moduan egon naiz urte askotan. Musikako espezialista ere izan nintzen, 8-10 urtetan. Azkeneko bi urteetan, berriz, musika, matematika eta gaztelera eman ditut».
Urte ederrak izan direla dio. «Oso polita izan da gizartearen etengabeko aldaketa honetan, gurasoekin batera, ikasleei bidea egiten laguntzen saiatzea. Beraien poz eta tristuren partaide izatea eta, nola ez, beraien interesak asetzen jardutea».
Une gogorrak ere bizi izan ditu, noski. «Geroz eta lan gehiago eramaten dugu etxera, lan ordutan egiteko astirik ez dugulako. Bestalde, pandemia garai honetan eskolak etxetik eman behar izatea ere zaila izan da. Oso gogorra izan da ikasle, guraso eta irakasleontzat. Baina egoera honek alde positiboak ere izan ditu: irakaskuntzak etengabeko ikaskuntza suposatzen badu, egoera honek erronka aparta baten aurrean jarri gaitu. Asko ikasi dugu eta erronka gainditu dugu. Ea eskolak ikastolan bertan ematen jarraitzen dugun eta ez garen bueltatzen etxetik eman behar izatera».
Zailtasunak zailtasun, argi dago lanetik etxera pozik itzultzen dela. Bestela, bere bi semeek ez zuten irakasle izatea erabakiko. Markelek kirol munduan lan egin nahi zuen eta IVEF ikastea erabaki zuen, baina lehenago heziketa fisikoko irakasle izateko ikastea gomendatu zioten. Heziketa fisikoko irakasle izateko ikasi zuen eta, azkenean, ez zuen IVEF ikasi, irakaskuntza munduko beste espezializazio batzuk baizik.
Hala, egun pedagogia terapeutikoa ematen du. «Nire hasierako helburua ez zen amaren pausoak jarraitzea, baina bideak horra eraman nau eta oso gustura nago. Hirugarren ikasturtea dut Intxaurrondoko Salesianos-Donostia ikastetxean. Lehenago, oraindik eskubaloi jokalaria nintzela, ordezkapenak egin nituen Zumarragako La Salle-Legazpi ikastetxean eta Iruñean». Arazoak dituzten haurrei irakastea oso esker onekoa dela dio. «Bidea beraiekin egitea oso polita da».
Alainen kasuan ere, bere ametsa ez zen irakasle izatea. «Enpresa mundua nuen buruan eta Humanitateak-Enpresa ikasi nuen. Baina ikasketak krisi garaian amaitu nituen eta guretzat ez zegoen lanik jada. Ia bizitza osoa taldeen dinamizatzaile lanean eman dudanez, irakaskuntza masterra egin nuen (lehen CAP zena). Ordutik, Urretxu-Zumarraga ikastolan lan egiten dut. Seigarren ikasturtea dut bertan».
Amak beti aholku onak eman dizkiela dio. «Etxera kezkatuta joaten naizenean, ikasle bati nola eragin ez dakidanean… normalean asmatu egiten du». Lurdesek semeekin hitz egitea asko gustatzen zaiola dio. «Asko hitz egin dugu, beti. Ez diet inoiz zer egin agindu, baizik eta aukera posibleak aurkeztu. Musikariak dira, baina inoiz ez diet ze instrumentu jo agindu. Erabakiak beraiek hartu dituzte beti. Nik konpromisoa eskatu diet: zerbait ikastea erabakitzen baduzu, gutxienez ikasturtea amaitu».
Semeez harro dago, noski. «Jende artean egoteko eta laguntzeko balio dutela erakutsi dute. Bide onetik doaz eta beraiek ere aholku onak eman ditzakete. Oso irakasle onak direla iruditzen zait».