Fernando Alvarez Buscak (Iruñea, 1978) herrialde askotan lan egin du. Aita urretxuarra zuen eta ama zumarragarra du. Hala, gertutik jarraitzen du bi herrietan gertatzen dena.
Zure jatorria Urretxun eta Zumarragan dago.
Aita (Jose Luis Alvarez Berriotxoa) Urretxukoa zen eta ama (Casimira Busca Plazaola) Zumarragakoa da. Aita zenak Altsasun lan egiten zuen, Magotteaux Belgikako multinazionalean. Altsasun bizi ginen eta ama Iruñeara joan zen erditzera. Urte hartan, 1978an, sekulako elurtea egin zuen eta amak egun batzuk pasa behar izan zituen Iruñean. Hori dela eta, agirietan Iruñeakoa naizela jartzen du. Urte bete nuenean, aitak istripua izan zuen eta hil egin zen. Ama Zumarragara itzuli zen, amona (Anastasia Plazaola Iturbe) zenaren etxera, Soraluze kalera. Hiru urte nituenean, ama, amona eta hirurok Donostiara etorri ginen.
Zergatik erabaki zuten amak eta amonak Donostiara joatea?
Amak bi karrera ditu: farmazia eta biologia. Lan aukera ezberdinak izan zituen: botika bat hartzea, irakasle aritzea edo Donostiako Hezkuntza ordezkaritzan lan egitea. Azken aukera hori hautatu zuen. Amak laguntza behar zuen ni hezteko eta amona eraman zuen. Amak aitaren rol tradizionala bete zuen (etxetik kanpo lan egin) eta amona zen etxean egoten zena. Denbora asko pasa nuen amonarekin. Agiñakoa zen jaiotzez.
Zumarragarekin zenuten harremanari eutsi al zenioten?
Bai. Askotan joaten ginen. Udan, festetan, familia bisitatzera…
Ze ikasketa egin zenituen?
Kazetaritza ikasi nuen eta ondoren El Pais egunkariaren masterra egin nuen. Horretaz gain, Industria, Merkataritza eta Turismo ministerioaren nazioarteko merkataritzaren inguruko gradu ondoko bat egin nuen.
Nondik nora ibili zara lanean?
Ikasketak bukatu eta berehala El Mundo egunkariaren Donostiako delegazioan lan egin nuen. Egoera latza bizi genuen, garai hartan ETAk hainbat kazetari hil baitzituen. Urtebete ondoren, egunkariko lana utzi eta nire neskalaguna zenarekin urtebeteko bidaia egin nuen Mediterraneoan zehar. Egipto, Jordania, Siria, Turkia, Grezia eta Italia bisitatu genituen. Itzuli ginenean, kazetaritzarekin jarraitzea erabaki nuen eta El Pais-eko masterra egin nuen. Madrilgo toki pare batean lan egin nuen eta ondoren Hong Kong-era (Txina) joan nintzen beka batekin. Urtebete baino gehiago pasa nuen bertan.
Zer egin zenuen bertan?
Komunikazio lanak egin nituen kontsulatuan. Lan hori bukatu nuenean, EFE agentziarekin New Yorkera (AEB) joateko aukera suertatu zen, baina Estatu Departamentuak ez zidan bisaturik eman EFEren bulegoan behar baino langile gehiago zeudela argudiatuta. Hala, EFEk Bruselara (Belgika) edo New Delhira (India) joateko aukera eman zidan. Indiara joan nintzen. Urtebete eman nuen bertan. Nire nagusia Tokiora (Japonia) bidali zuten eta berarekin joateko eskatu zidan. Bi urte eman nituen Japonian. Ondoren, EFE agentziak Erromara bidali ninduen.
Noiz itzuli zinen etxera?
Bidaiatzeaz nekatuta nengoen eta Erroman urtebete baino gutxiago eman nuen. Donostiara itzuli nintzen, lanik gabe.
Zertan lan egin duzu ordutik?
2016an Donostia Europako Kultur Hiriburua izan zen. Hiriburutzaren bulegoarentzat lan batzuk egin nituen eta komunikazio zuzendaria behar zutela jakin nuenean, izena eman nuen. Ni hartzea erabaki zuten eta hiru bat urte eman nituen bertan. Ordutik, Open Arms-ekin joan nintzen, El Pais-entzat lan egin dut, liburu bat dut eskuartean… Gainontzeko guztiak bezala nago: egitasmo ezberdinak ditut eskuartean eta ea bizi dugun egoera honek egitasmoak burutzen uzten didan…
Kazetaritzan esperientzia zabala duzu. Nola ikusten duzu ofizioa?
Ofizioa inoiz baino hobeto dago, baina enpresak inoiz baino okerrago. Kazetariok eta enpresek kazetaritza zerbait berezia zela uste genuen. Misio bat genuela. Baina hori gezurra dela ikusi da. Enpresa batzuk banaketaren monopolio edo oligopolioa zuten eta hori negozio bat zen. Baina kazetaritzaren edukiak, onak eta txarrak (batez ere txarrak), inoiz baino merkatu handiagoa du. Twitter eta Facebook enpresen tamaina, eragina eta irabaziak ikustea besterik ez dago. Twitter-ek Trump-i bere tokia kendu dio eta hori New York Times-ek, El Diario Vasco-k edo Gara-k zutabegile bati bere zutabea kentzea bezala da. Kazetari batzuentzat ez dago dirurik, baina une interesgarria bizi dugu.
Zer diozu Urretxuz eta Zumarragaz?
Haurra nintzenean, soziologikoki oso toki interesgarria zen. Hor lan handia dago egiteko: kanpokoek bertako kultura nola hartu zuten, beraien kultura nola mantendu zuten… Ni txikia nintzenean, Zumarraga eta Urretxu helmuga ziren oraindik: jendea bertara etortzen zen, lanera. Eta beraien ohitura eta kultura ekartzen zuten. Zumarragak eta Urretxuk izaera hori galdu dute. Orain jendea ez da Zumarragara eta Urretxura joaten, bertatik alde egiten du.