2007tik 2020ra KPIaren igoera %21eko izan dela eta uraren zerbitzua (kontsumoaren arabera) %30 eta %80 artean igo dela diote
Zumarragako EH Bilduk uraren pribatizazioak izan duen eragina aztertu du eta koalizioko kideen ustez “eskandalu bat” da azken 15 urte hauetan gertatu dena. “Gipuzkoako udalerririk garestiena gara, alde handiarekin. 2007tik 2020ra KPIaren igoera %21 izan den arren, uraren zerbitzua (kontsumoaren arabera) % 30 eta % 80 artean igo zaigu zumarragarroi eta kaltetuenak eta zigortuenak unitate gutxiko etxeak (1/2) izan dira. Hau da, udalaren laguntzarekin Aquarbek sekulako negozioa egin du gure urarekin”.
EH Bilduren esanetan, Zumarragan uraren zerbitzua Gipuzkoako Ur Kontsortzioko udalerrietan baino % 40 garestiagoa da (Legazpi, Ezkio, Antzuola, Azkoitia, Beasain, Ordizia, Ormaiztegi, Azpeitia, Tolosa, Antzuola,…) eta Gipuzkoako batez bestekoa baino % 60 garestiagoa. “Gipuzkoako Foru Aldundiak 2007an egindako txosten batean dagoeneko, Zumarraga zen Gipuzkoako udalerririk garestiena, eta aldea handitu egin da”.
Koalizioko kideen esanetan, “negozio biribila” egin du Aquarbek bizilagunen eta uraren kontura. “Igoera izugarriak pairatu ditugu eta opakotasun handia (etxeen %49ak ez du fakturarik jasotzen). Ura oinarrizko eskubidea da eta guztion ondarea, ez negozio bat. Beraz, uraren prezioa %40 murriztea, fakturak etxe guztietara iristea, zerbitzua publifikatzea eta langileak egitura publiko berrian sartzea proposatzen dugu”.
EH Bilduk argitaratu berri duen aldizkarian jaso du gai hau. Aldizkaria gaur arratsaldean aurkeztu du. “Herritarrek udalean gertatzen den guztiaz informatuta egon behar dutela uste dugu eta gure betebeharra herritarrei egin dugun lanaren berri ematea da. Udala herritarrengandik gertuen dagoen erakundea da, herritarrok aukeratzen ditugu gure ordezkariak eta garrantzitsua da herritar orok jakitea herritarrengandik gertuen dagoen erakundearen egoera zein den. Asteburu honetan etxe guztietan egongo da aldizkaria eta helbide honetan ere deskargatu ahal izango PDF formatuan: https://ehbildu.eus/herriak/zumarraga/albisteak/aldizkaria-2021eko-urtarrila”.
Aldizkariaren azala Mariñe Arbeo sortzaile zumarragarrak egin du. “Azalarekin komunitatea eta herrigintza indartu beharra islatu nahi izan dugu eta sortzaile baten esku utzi dugu. Izan ere, pandemia garaian kultura eta sortzaileak izan dira kaltetuenetako sektore bat, eta portadarekin sorkuntzaren balioa ere jarri nahi izan dugu lehen lerroan”.
Aldizkaria auzolanean banatuko dute, EH Bildu osatzen duten militante eta zaleek. “Horrekin ere auzolanaren, elkarrekin ekimenak egitearen eta komunitate gisa lankidetzaren bidez lan egiteko asmoa erakutsi nahi dugu. Auzolana da gure balioetako bat eta Zumarragako esparru guztietara eraman behar dugu, are gehiago pandemia garai honetan”.
Aldizkariaren edukiari dagokionez, uraren inguruko erreportajearekin batera, galdetegi bat, EH Bilduko hiru zinegotziei egindako elkarrizketa eta udalaren egoera ekonomikoari buruzko albistea jaso dituzte. “2019an egin genuen Auzoekin Topaketak ekimen parte hartzailea ezin denez aurrera eraman, galdetegi bat ere badoa aldizkarian, herritarren proposamenak eta sentipenak jasotzeko asmoz. Horrez gain, EH Bilduren lana ebaluatzeko ere eskatu diegu herritarrei, izan ere, etengabe hobetu eta ahalik eta oposizio onena egitea da helburua, herritarren zerbitzura egotea. Konpromisoa ere hartzen dugu, jasotzen ditugun proposamenekin berriro ere auzoetara joateko, osasun-neurriek ahalbidetzen badute, 2021ean bertan. Galdetegia bete edo entregatzeko azken eguna otsailaren 25a izango da. Galdetegia Correos-en entregatu ahal izango da, EH Bilduren egoitzan egongo den buzoian ere sartu ahal izango da eta online ere bete daiteke helbide honetan: https://ehbildu.eus/herriak/zumarraga/albisteak/galdetegia”.
Aipatu bezala, aldizkarian zinegotziei egindako elkarrizketa ere jaso dute. Azken urte eta erdian egindako lanaren errepasoa egiten dute. Nola sentitu diren, zein ekimen eraman dituzten aurrera, zein den udalaren egoera eta aurrera begira dituzten erronken inguruan hitz egiten dute.
Aldizkarian udalaren egoera ekonomikoari buruz ere hitz egiten da. “Hirugarren atalean udalaren egoera ekonomiko larria eta aurrekontuetarako egin ditugun proposamenak azaltzen ditugu. Zorra handitzen doa, aurrezkia murrizten eta adierazle sozio-ekonomikoak okertzen; hau da, oso egoera txarrean gaude. Honela, aurrekontuak egoera eraldatzeko baliatu beharrean murrizketa sozialak eta proiektu estrategikoen gabezia handia azaleratzeko izan dira. Guk 22 proposamen zehatz egin genituen eta aldizkarian jasotzen dira zeintzuk izan ziren proposamenak eta zeintzuk ez ziren onartuak izan. Ikusiko den bezala gehienak ez ziren onartuak izan”.