100 inguru ibilgailu batu dira Hiru garraiolarien sindikatuak deitu duen protestara. A-636 Peajerik Ez Plataformak ere bat egin du deialdiarekin
Gipuzkoako Foru Aldundiak Deskargan jarri nahi duen bidesariaren aurkako protesta egin dute garraiolariek eta A-636 errepideko erabiltzaileek. Auto-karabana eginda “haserrea eta kezka” adierazi dituzte. 100 ibilgailu inguru batu dira Hiru sindikatuak deitu duen protestara. A-636 Beasain-Bergara-Beasain Peajerik Ez plataformakoek ere bat egin dute deialdiarekin. Urretxuko Mugitegi industrialdetik abiatu da kamioi, kotxe eta furgoneta ilara luzea, abiadura motelean eta klaxonarekin zarata ateraz. Ormaiztegi eta Bergara arteko joan etorria egin dute. Iragarri dute irtenbiderik ezean mobilizazioekin jarraituko dutela.
Garraiolarien Hiru sindikatuko ordezkari Juanan Calzadak adierazi duenez, “Gipuzkoako Foru Aldundiak Deskargan jarri nahi duen bidesariak argi erakusten du Ogasun arloan eta diru bilketan darabilzkien politiken porrota”. Hiru sindikatuak egindako kalkuluen arabera, “hidrokarburoen zergaren bidez jaso behar lukeena baino 200 milioi euro gutxiago jasotzen ditu Gipuzkoak urtero, zerga hori erregaia erosten den tokian ordaintzen baita”. Diru kopuru hori “galdu eta, papurrak bildu nahi ditu Gipuzkoako Ogasunak, Bergara eta Beasain artean bizi direnek eta garraiolariek ordainduko duten bidesaria jarrita”.
Garraiolari autonomoek ez dute ulertzen nolatan hartu duen Aldundiak bidesaria jartzeko erabakia orain: “Koronabirusarengatik bizi dugun krisi honetan murgilduta eta gainera gastuak gehituko zaizkigu”. Calzadak salatu du “diskriminazio” egoeran daudela; “beste sektore batzuei laguntzak ematen zaizkien bitartean, garraiolariei, aldiz, bidesari berria jarrita, beste gastu bat sortu zaie, jakinda, oso zaila dela gero bezeroei gastu hori fakturan gehitzea”.
Gaineratu du, Deskargan bidesaria jartzeak argi erakusten duela, “Gipuzkoako agintariak gezurretan” ari direla, “esaten dutenean errepideak kanpotarrek ordaindu ditzatela”. Deskargako bidesaria “bertakoek ordainduko dute, Goierri, Urola eta Deba bailaratako enpresetara lanera joaten direnek, eta lantegi horiek behar dituzten materialak eramaten dituzten garraiolariek”.
Bidesariaren aurkako plataformako kide Edu Reguerok eta Jokiñe Lizarraldek adierazi dute, neurri hau “langileentzat, ikasleentzat, Zumarragako ospitalera joan behar duten gaixoentzat eta senitartekoentzat, besteak beste, oso bidegabea eta kaltegarria” dela, izan ere, “aspaldi ordainduta dagoen errepide bat delako”. Gainera, ordezkari politiko desberdinei gai honen inguruan duten posizioa eta jarrera agertzeko eskatu dute, beste behin ere. Antza denez, aspaldi eskatu zieten Jon Luki Urretxuko alkateari eta Mikel Serrano Zumarragako alkateari, gai honi buruz duten iritzia argitzea, “baina ez dute erantzunik eman”.
Bidesari horren atzean dauden hainbat interes agerian utzi dituzte: “Ikusi ditugu aurrekontuak, ikusi ditugu Aldundiak sinatuta dituen kontratuak bederatzi banketxeekin, badakigu zeintzuk diren interesak, baita nola igoko den guk ordaindu beharreko kopuru hori”.
400 euro urtero
Erabiltzaileen poltsikoei zenbateraino eragingo dien ere kalkulatu dute: “Abiatuz erabilita, 400 eurotik gorako kostua izango du errepidearen erabiltzaileentzat, eta gainera Aldundiak Abiatuz eskainita uste du merkealdietan gaudela, eta berez eskaintzen diguten gauza bakarra da, ordainduta dagoen errepide bat herritarren diruarekin berriro ere ordaintzea”. Gehiago ere bada, zeren susmoa da bidesariarekin “Bidegik duen eta herritarrok sortu ez dugun diru zor handi bat ordaindu nahi dute”.
Ordezkari politikoek Europako legedian bilatu dute bidesaria justifikatzeko heldu lekua. Horren inguruan, plataformako ordezkariek nabarmendu dute, “justifikazioak baino ez” direla, eta “inolako zentzurik ez” dutela, zeren Europako legediak “ez du behartzen errepide bati bidesaria jartzea, hori banketxeek eskatzen duten baldintza bat” dela; “banketxeek berme bezala errepide bat egiterakoan eskatzen dute bidesaria jartzea, beraz, Europako legediak eskatzen duela, gezurra da”. Exijitu dute informazio “argia, zehatza eta benetazkoa”.
A-636 errepidean jarriko den ordainketa sistemaren inguruan esan dute “guztiz diskriminatzailea” dela, batez ere, “bidesari horietatik gertu dauden herritarrei eragingo” dielako; “Urretxuko eta Zumarragako herritarrei bakarrik ez, Legazpikoei, Ezkiokoei, Itsasokoei, Gabiriakoei, Ormaiztegikoei, baita, Beasaingoei, Ordiziakoei, Aramakoei, Zaldibiakoei,…eta Deskargaren beste aldean dauden, Antzuola, Bergara,…”. Plataformako ordezkarien ustez, Aldundiaren erabakia “ez da justua, zeren lanera joateko, ikastera joateko eta eguneroko gainontzekoetarako errepide hori hartu behar dugun guztioi ordainarazi nahi digute”.
Bestalde, errepide zaharrean eragina izango duela ere errepikatu dute. “Ordainsaria ez ordaintzeko, gidari askok errepide zaharra erabiltzeko erabakia hartuko dute, eta horrek, istripuak izateko arriskua areagotuko du, izan ere, errepide hori, gaur egun ez dago prestatuta trafiko karga handia jasateko, gainera, txirrindulari asko ibiltzen dira bertan”. Ezkio eta Ormaiztegiren herriguneetan ere “asko nabarituko” dutela ere esan dute, eta horrek “herritarren lasaitasunari eragingo” diola