Egitasmo honen helburua giza eskubideetan oinarritutako gizarte inklusiboa sortzea da. Urteko lehen bilera bihar egingo dute. Nahi duten urretxuar guztiek parte har dezakete
Gorka Hermosak Kantabriako Blanchard Strings hari orkestrarekin diskoa grabatu zuen eta Berlingo Filarmonikan aurkeztu behar zuen iazko maiatzean. Kontzertua bertan behera gelditu zen eta diskoa Facebook bidez aurkeztu zuen eta plataforma digital guztietan entzungai jarri zuen. Kontzertua aurtengo martxoaren 12ra atzeratu zen, baina aurtengo emanaldia ere bertan behera geldituko da ia ziur. Aurten ere ez da aurkezpen kontzerturik egongo, baina diskoa argitaratzea erabaki du. CDa musikaze.com webgunean eskura daiteke.
Disko honetarako, Hermosak bere abesti kuttunak hautatu ditu eta orkestrarako idatzi. Duela urte batzuk akordeoilari gazte batek lehiaketa bat irabazi zuen eta saria Euskadiko orkestrarekin jotzea izan zen. Hermosaren kanta bat hautatu zuen eta asko gustatu zitzaien. Hala, ordu beteko kontzertua prestatu zuten. Gernikaren bonbardaketaren urteurren egunean jo zuten. Gernika pieza eta beste bederatzi jo zituzten. Hermosaren kontzertu berezienetako bat izan zen eta horren ondoren bere kanta horiek munduko 20 orkestra ezberdinek jo dituzte. Abesti horiek horren azkar zabaldu izanak, disko batean jasotzera bultzatu du.
Beste disko bat
Hilabete barru Hermosak beste disko bat kaleratuko du. Fragilissimo du izena eta bertan mundu osoan jotzen diren bere beste konposizio batzuk jaso ditu. Horien artean, urteko akordeoi obra onenari saria jaso duten lauak.
Datorren hilean aurkeztuko duen diskoa bakarrik grabatu du, beste musikarien laguntzarik gabe. «Azken hilabete hauetan denbora asko izan dugu pentsatzeko eta hil aurretik grabatu nahiko nituzkeen diskoen inguruan pentsatu dut. Bata soka taldearekin grabatutako diskoa da eta bestea Fragilissimo. Oso disko intimoa da. Kantabriako unibertsitatean aurkeztuko dut. Niretzat oso esanguratsua eta polita da bertan aurkeztea. Izan ere, akordeoia kaleko instrumentua da eta disko honen aurkezpenean unibertsitatera eramango dut», aipatu du Hermosak.