GI-2632 errepideak Zumarraga goialdea eta behealdea bitan zatitzen ditu. Udalak igogailu bat eta pasarela bat egin behar ditu eta, hala, goialdekoen irisgarritasuna bermatuko du.
Euskal Herria hiribidea zeharkatzen duen errepideak (lehen GI-632 eta egun GI-2632) Zumarraga goialdea eta behealdea bitan zatitzen ditu. Goialdeko bizilagunek eskailerak eta bide aldapatsuak jaitsi behar dituzte erdigunera joateko edo itzulinguru handia egin. Eta goialdeko bizilagun asko adinekoak dira. Hala, nahi baino gutxiago jaisten dira erdigunera. Aurki nahi bezainbeste jaitsi ahal izango dira, udalak goialdea eta behealdea lotuko dituzten igogailua eta pasabidea egin behar baititu. Igogailua kiroldegiaren atzealdean egongo da (Esteban Orbegozo auzoan) eta berari lotuta egongo den pasabideak GI-2632 errepidea zeharkatuko du. Kiroldegiaren alboan beste igogailu bat dagoenez, bizilagunak kiroldegitik San Isidro auzoraino aldapa eta eskailerarik igo gabe joan ahal izango dira. Obra berehala hasiko da. Ingurua atzo hesitu zuten.
Igogailu honi esker goialdeko bizilagunen irisgarritasuna bermatuko da. San Isidrora, Elgarrestamendira, Izazpira, Leturiatarren plazara, Antonino Oraara, eskualdeko ospitalera, Argixao futbol zelaira, Argixao industrialdera eta Hiri Lorategiaren goialdera eskailerarik igo gabe joan ahal izango da.
Igogailuak bi geldialdi izango ditu: bata Euskal Herria hiribideko espaloian eta bestea Elgarrestamendi eta San Isidro artean dagoen aparkalekura eramango duen pasarelan.
Aurrekontua 600.000 euro ingurukoa da eta Eusko Jaurlaritzak 294.000 euroko diru-laguntza eman du eta foru aldundiaren laguntza ere lortu du udalak. Ekaineko osoko bilkuran proiektuaren erredakzioa eta lan zuzendaritza onartu ziren eta obra berehala hastea espero da. Obraren iraupena 4-5 hilabetekoa izango da. Udan inauguratuko da, beraz.
Igogailu honek goialdeko bizilagun guztiei egingo die mesede (baita behekoei ere, ospitalera joan behar dutenean, adibidez), baina batez ere San Isidro eta Elgarrestamendi auzoetako bizilagunei. Izan ere, beraiek dira igogailu berria etxetik gertuen izango dutenak. San Isidroko eta Elgarrestamendiko bizilagunen bizi kalitateak nabarmen egin zuen gora kiroldegia eta Esteban Orbegozo auzoa lotzen dituen igogailua egin zenean, baina bertatik etxera bide luzea dute oraindik: eskailerak igo behar dituzte edo itzulinguru handia egin. Autorik ez duenarentzat odisea hutsa da erosketak egitea.
Erosketekin harrapatu genuen, hain zuzen ere, Oskar Gallardo. «Igogailu berria oso beharrezkoa da. Bizilagunek ospitalera joateko igo behar duten aldapa oso gogorra da. Eta guri ere mesede egingo digu, noski. Hiru seme-alaba ditut eta txikiak zirenean ez zen erraza izan hiruekin gora eta behera ibiltzea: eskailerak, haur-kotxea, haurrak… Zorionez, dagoeneko hazi egin dira eta eskailerak laguntzarik gabe igotzeko gai dira», azaldu zuen.
Eladia Garijo San Isidro kaleko atari berean bizi da eta iritzi berekoa da. «Igogailua oso mesedegarria izango da adinekoontzat. Nik sekulako itzulingurua egiten dut herrira jaisten naizen bakoitzean, eskailerak ez erabiltzeko eta aldapa gogorrenak saihesteko. Bide batez, gure kaleko espaloia berritzeko eskatu nahi dut. Oso zaharkitua dago eta irristagarria da. Euria egiten duenean errepidetik joaten naiz irrist ez egiteko, baina errepidetik joatea ere arriskutsua da», amaitu du.