Urtebete daramagu ia koronabirusaren menpe eta ez da erraza bizipozari eustea. Carlos Mediavilla urretxuarrak Santa Barbaratik eta Irimo menditik ateratako argazkiek itxaropen izpi bat dakarte.
Ia urtebete daramagu jada koronabirusaren aginduetara. Milaka lagun hil dira; hilabete eta erdi eman genuen etxean sartuta; herri, herrialde eta erkidego mailako konfinamenduak izan ditugu; tabernen itxieren kontua galdu dugu jada; maskara kuleroak edo galtzontziloak bezain ezinbesteko bilakatu zaigu… eta mehatxuak hor jarraitzen du. Aurtengo negua oso luze doa. Ez da erraza itxaropenari eustea. Ez da erraza amets egitea, ilusioa izatea, barre egitea. Eskerrak natura dugun. Gure herrietako mendietara joan gaitezke eta gailurretatik inguruko herri eta mendi guztiak ikusi. Oraindik ez dugu beraietara itzultzerik, baina egun hori gero eta gertuago dago. Carlos Mediavilla argazkilari urretxuarrak Irimo menditik eta Santa Barbaratik argazki zoragarriak atera ditu. Itxaropen izpi bat oparitu digu.
Mediavilla nafar jatorrikoa da eta Nafarroara joatea asko gustatzen zaio. Hala ere, herri mailako konfinamendua nahiko ondo daramala dio. «Herri batetik bestera ibiltzea komeni ez bada, herrian geldituko gara. Etxetik atera ezin ginenean, okerragoa izan zen. Oraingoan kalera irten gaitezke behintzat. Zumarragara, Legazpira… ezin naiz joan, baina jende asko okerrago dago».
Irimo mendia
Urretxutik atera gabe ere mendi buelta bikainak egin daitezkeela dio. «Urretxu herri txikia da, baina nahi duenak badu non ibili: Irimo, zazpi puntak, Meaka, Nebera… Egun batean elurra dela, beste batean lainoa dela, egunsenti eder bat… Zerbait berezia egin nahi dudanean, kamera onarekin ateratzen naiz. Tripode eta guzti. Bestela, mugikorrarekin moldatzen naiz».
Herri mailako itxialdiak bere gauza onak ere badituela aipatu du. «Betiko txokoak, gure herrietako txokoak, beste begi batzuekin begiratzeko balio du. Aizpurutxora ematen duen Irimo mendiaren magala zoragarria da. Paradisua. Goroldioz betetako basoa, zuhaitz eroriak… oso forma iradokitzaileak dira. Paisaia idilikoak dira. Irimora egiten ari naizen irteerak zoragarriak izaten ari dira».
Bista bikaina
Eta gailurretik ikusten den paisaiaz zer esan… Erreportaje honetako argazkiak zoragarriak dira (Mediavillak Santa Barbaratik eta Irimotik ateratako gainontzekoak otamotz.eus webgunean ikus daitezke). Gezurra badirudi ere, Irimo mendiaren gailurretik Hernio, Korosti, Artzanburu, Aizkorri, Txindoki, Gorbea, Anboto, itsasoa, Pirinioak, Beriain… ikus daitezke. «Iruñeatik gertu bizi den lehengusu bati Beriain mendiari ateratako argazkia bidali nion eta ez zuen sinisten Urretxutik atera nuenik. Beriainera igotzen bazara, elkar agurtzeko aukera izango dugu, bat gara, esan nion».
Irimotik mendi horiek guztiak eta itsasoa ikusten dira, baina halako argazkiak ateratzeko primerako argazkilaria izan behar da. «Argazki horiek ateratzeko nire kamera onena erabili dut: Nikon 850 bat, teleobjektibo bikain batekin eta sentsore on batekin. Gainera, egunsenti egoki bat behar da. Gauez atera behar da etxetik, eguzkia irten aurretik Irimoko gailurrera heltzeko. Bestela, eguzkiak siluetak hondatzen ditu».
Gure mendietako gailurretan altxor bat izaten dugu beti zain: edertasuna. Pandemia garaian, beste bi harribitxi ere zain ditugu bertan: itxaropena eta bizipoza. Eskerrik asko, Carlos, edertasuna zure argazkietan jaso eta itxaropena eta bizipoza oparitzeagatik.