Urretxuko EH Bilduk udazkenean ostalariei laguntzea proposatu zuela eta udal gobernuak ez zuela onartu esan du
Urretxuko Udalak ostalariei diruz laguntzea onartu zuen atzo eta Urretxuko EH Bilduk prentsa ohar bat bidali du laguntza horien harira. Udazkenean ostalariei diru-laguntzak ematea proposatu zuela eta orduan gobernu taldeak bere proposamena atzera bota zuela aipatu dute. Horra hor oharraren edukia:
“Atzean utzi ditugun hilabete hauetan, pandemiaren ondorioen eraginagatik enpresa ehuna osotasunean kaltetua izan arren, jakina da ostalaritza (ezarritako neurri zorrotz eta itxiera jarraiengatik) sektore kaltetuena izan dela. Erakunde ezberdinen benetako laguntza plan bateratu bat falta izan da.
Horregatik, 2020ko irailean eta urrian, pandemiaren bigarren olatua zetorrela eta kutsaduren jatorria berriro ere ostalaritzan fokalizatuko zela aurreikusten genuenez, 2021ko udal aurrekontuetan, herriko ostalaritzari beste laguntzekin bateragarri izango ziren diru-laguntza zuzenak eskaintzeko proposamena egin genuen. Horrekin batera, ostalarien mahaia sortzea proposatu genuen, aurrerantzean beraien kezkak, itolarriak eta proposamen ezberdinak denon artean landu eta bideratzeko asmoarekin.
Proposamen horiek ez ziren onartu.
Gaur, hirugarren olatuan murgildurik gaudela, hau esan dezakegu:
Herriko ostalariek hilabete luze hauetan itolarri ekonomiko eta laboralak bizi izan dituztela eta beraiek egindako mobilizazio ugari eta azken mozioaren aurkezpenak, palanka moduan eragin izugarria izan dutela, diru-laguntza zuzenak berehala banatzeko erabakian.
Pozik gaudela esan dezakegu baina ez bizi dugun egoeragatik, udal diru-laguntzak herriko ostalarien beharrei bultzada bat eman ahal izateko onartuak izan direlako baizik. Hortan jarraituko dugu!”.