Xabi Solano musikariak eta Kimua dantza kolektiboak ikuskizuna egingo dute bihar Zumarragako Zelai Arizti aretoan, Beste Bat! programazioaren barruan.
Xabi Solano musikariak eta Kimua dantza kolektiboak ikuskizuna egingo dute bihar Zumarragako Zelai Arizti aretoan, 19:00etan, Zuzeneko Arteen Zirkuituak antolatutako Beste bat programazioaren barruan. Programa horretako Zumarragako azkenaurreko kontzertua izango da, zikloa Nogen taldeak itxiko baitu otsailaren 25ean. Larunbateko ikuskizunerako sarrerak zelaiarizti.sacatuentrada.es webgunearen bidez eros daitezke 10 euroan, eta baleude, lehiatilan ere bai egun berean.
Xabi Solano Maizak (Ereñotzu, Hernani, 1978) Etzakit taldearekin ekin zion plazaz plazako ibiliari 1994an, eta harrezkero makina bat talde eta proiektutan ibili da, tartean Fermin Muguruzarekin eta Esne Beltzan. Azken bost urteotan hiru disko argitaratu ditu: Ereñotzu (2016), Bi (2019) eta Zaharrak berri (2020), azken hori Kristina Solano arrebarrekin eskuz esku.
Kimua dantza kolektiboa
Biharko saioan hainbat musikari izango ditu lagun Solanok Kristina arreba eta Zigor Lampre DZ, besteak beste, baita Kimua dantza kolektiboko kideak ere. Aukeran dantza taldean ibilitako sei dantzarik osatzen dute Kimua, eta tartean dago Eneko Galdos zumarragatarra. Jakina denez, herritarrak soilik joan daitezke emanaldia ikustera.