Torturaren errealitatea onartu eta argitzea eskatu du Sortuk Joxe Arregiren erailketaren 40. urteurrenean
Torturatutako Urretxu eta Zumarragako 34 lagunak ere gogoratu dituzte Areizaga-Kalebarren plazan egindako elkarretaratzean.
40 urte pasa dira Espainiako Polizia Nazionalak Joxe Arregi Izagirre torturatu eta erail zuenetik. Hilketaren 40. urteurrena dela eta, torturaren aurkako elkarretaratzea egin du gaur eguerdian Sortuk. 13:00etan elkartu dira Areizaga-Kalebarren plazan eta torturatutako Urretxuko eta Zumarragako 34 lagunak ere gogoratu dituzte. Franco hil eta gutxira gertatu zen Arregiren erailketa. “Zoritxarrez, ondorengo hamarkadetan ez da torturaren eraginez eraildako azkeneko euskalduna izan gatazka politikoaren testuinguruan eta ustezko demokraziaren garaian”, adierazi dute agerraldian Sortuko kideek. “Euskal Herrian mila izan dira torturaren atzapar krudeletatik igaro behar izan dutenak, eta inongo arduradun politikok ez du zintzotasun politiko ariketarik egin”.
Horrela, torturaren errealitateak onartu eta argitzea eskatu dute: “Arduradun politiko, polizial, instituzional, mediku, judizial eta mediatikoak, inplikazio zuzena izan duten neurrian”. Azken urteetan urratsak “norabide onean” eman diren arren, “egiteko asko” dago. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako tortura kasuak EHUren kriminologia institutuaren bidez ikertzeko Eusko Jaurlaritzak egindako eskaera aipatu dute, eta Nafarroako egoera azaldu dute: “Nafarroako Gobernuak ez du urratsik eman, noiz eta aste hauetan ere Estrasburgoko Giza Eskubideen epaitegiak Espainia zigortu duenean Iñigo Gonzalezek jarritako salaketak ez ikertzeagatik; operazio hartan atxilotuak torturaren ikerketa zabaltzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari, errekonozimendua, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak oinarri izanda, ikerketak bide horretan ekarpena egingo lukeelako”.
Tortura beraren existentzia ukatzeak Euskal Herriak estatuarekin duen gatazka politikoa ezkutatzea bilatzen duela salatu dute: “Modu horretan fikziozko kontakizun bat inposatu nahi digute, zintzoen eta gaiztoen artekoa, herri oso bati hitza eta erabakia ukatzen jarraitzeko”.