Zelai Arizti kultur etxean egindako prentsaurrekoan fakturen baturan zaborrarekin lotutako tasak ez direla kontuan hartu adierazi dute koalizioko kideek. Uraren gaia gizarteratzea dute helburu.
Zumarragako EH Bilduk prentsaurrekoa egin du gaur goizean, Zelai Arizti Kultur Etxean, azken asteetan uraren auziaren inguruko azalpenak eta arrazoiak emateko: “Gure helburua, jendeari gurea, denona den urarekin zer gertatu den jakinaraztea eta gizarteratzea da”, adierazi dute koalizioko kideek. Uraren pribatizazioak azken urteetan izan duen eragina aztertu ondoren, hilaren hasieran gaia aldizkari batean jaso eta argitaratu zuen EH Bilduk; Zumarragan uraren zerbitzua Gipuzkoako Ur Kontsortzioko udalerrietan baino %40 garestiagoa dela salatu zuen. Aquarbe enpresak kudeatzen du zerbitzua herrian. Horri erantzunez, astebetera, eta besteak beste, Zumarragako fakturan zaborraren tasa ere azaltzen dela adierazi zuen PSE-EEk.
EH Bilduko kideek gaur adierazi dutenez, ehunekoa zabor tasarik gabe kalkukatutakoa da. “Zumarragaren eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioan sartutako udalerri baten arteko alde txikiena 35 metro kubiko gastatzen dituen lau pertsonako familia batean dago eta Zumarraga %28 garestiagoa da, baina alde handiena 10 metro kubiko gastatzen dituzten pertsona baten edo biren kasuan dago, %59 garestiagoa izateraino”.
Eredu berri bat
Uraren kudeaketarako zein eredu aukeratzen den kontuan izatearen beharra azpimarratu dute: “PSEk defendatzen duen eredu pribatizatzailea eta EH BIlduk eta Gipuzkoako herri gehien-gehienak defendatzen duten eredu publikoa”. PSE-EEren ereduak “uretarako giza eskubidea merkantilizatzen” duela eta “tasen bidez herritarrei enpresa baten irabaziak kargatzen” dizkietela esan dute. “Bestetik, guk defendatzen dugun eredu publiko, ekitatibo eta bidezkoa; PSE, EAJ eta EH Bilduren adostasuna duena (Uraren Euskal Ituna) eta Gipuzkoako udalerri gehien-gehienek defendatzen dutena: uretarako giza-eskubideak %100 publikoa, parte-hartailea eta gardena izan behar du”. Publikotasun hori lortzeko, Zumarragako ur-zerbitzua mankomunatzea proposatu dute: “Aquarben dauden langileen berme eta eskubide guztiekin egitura publiko berria integratuz eta horrela haien lan ona aprobetxatuz”.
Inguruko herrietako lagun edo senideekin fakturak konparatzera animatu dituzte herritarrak. Uraren gaiaren inguruan EH Bilduk egindako txostena herritar guztien eskura jarri dute.