Bailara hobeto ezagutzeko hainbat ibilbide proposatu ditu Antioko interpretazio zentroan egoitza duen turismo zerbitzuak. Aste Santuko kanpainari begira ere jarrita daude.
Lelotzat hartu duen ‘serendipia’ hitzaren kontzeptuari men eginez, Urola Garaiko turismo zerbitzuak ustekabeko esperientzia atseginak proposatzen jarraitzen du Zumarragako Antioko interpretazio zentroan duen egoitzatik. Azken proposamena urolagaraia.com webgunetik iritsi da, Goierri garaiko lau herrietan zehar egiteko ibilbideen bilduma.
Turismoaren sektoreak garai zailak eta ziurgabetasunez beteak bizi ditu, baina Amaia Retak eta Nagore Gonzalezek Antiotik gidatzen duten zerbitzuak ez du etsi, eta gaurko egoerara egokitzeaz gain, aurrera begira ere jarri da. Baikor daude bi arduradunak, eta uste baino lehenago iritsiko den Aste Santua prestatzen hasi dira dagoeneko, asteburuetan lan egiten duen Ainhoa Barrorosorekin batera.
Bertakoari balioa eman
Aurretik paperean, liburuxka batean jasota zituzten zazpi ibilbideak jarri dituzte Interneten eskuragarri. PDF formatoan banan bana deskargatzeko moduan daude, mapez, argazkiz eta azalpenez lagunduta. Senda Natura enpresak prestatutako ibilbideak dira, batzuk mendian zehar, eta beste batzuk herrigunean, eskualdea hobeto ezagutzera emateko eginak. Pandemiaren eraginez norberaren herritik urrutira joan ezin den garai honetarako oso aproposak dira.
Orain Interneten jarrita, zabalkunde handiagoa izango dute Nagore Gonzalezek dioenez, «gure webgunea eta sare sozialak geroz eta gehiago erabiltzen dira, eta eskuorriak geroz eta gutxiago banatzen ditugu».
Ibilbide horiek, eta beste bederatzi gehiago, Wikiloc plataforma digitalean ere jasota daude, turismo bulegoan praktikak egiten jardun zuen Mikel Salaberria urretxuarraren ekimenez. «Bertsio teknikoagoa da Wikiloc-ekoa, eta interesagarria iruditu zaigu, ibilbide askotan seinalerik ez dagoelako, eta horietan lagungarri izan daitekeelako», azaldu du Amaia Retak. Guztira 16 ibilbide partekatu ditu Lizarraldek Wikiloc-en, Urola Garaiko ibilbideak-Uggasa izenburupean jasota.
Horiek guztiak, eta gertuko eta ustekabeko altxor gehiago ezagutarazteko, sare sozialetan indar gehiago jartzeko unea dela ere azaldu dute bi turismo teknikariek. «Geroz eta gehiago erabiltzen dira, eta ez dira oso garestiak gainera». Sare sozialak baliatzen dituzte, baita ere, «hemen gaudela ez ahaztu!» esateko, batez ere bertakoei. «Hemen egiten ditugun gauzak ez dira bakarrik kanpotarrentzako, baita bertakoentzako ere, gureari balioa ematen hasi behar dugu».
Beste proiektu batzuk
Beste proiektu batzuetan ere murgilduta daude, eta Gonzalezek azaldu duenez, «erakusketa ibiltari bat» prestatzen ari dira, eskualdeko irudi turistikoa aukeratzeko egin zuten lehiaketan saritutako argazkiekin. «Aurten egin nahi dugu, baina ikusiko dugu egoerak uzten digun», gehitu du Retak.
Industria turismoarekin lotutako proiektu bat ere badute esku artean, eta diagnosia eginda, ekintza plan bat abiatzekotan dira laster. «Kontakizun bat egin nahi dugu, eskualde osoa industriaren bidez lotzen duena», azaldu du Gonzalezek.
Bestetik, geroz eta izen handiagoa hartzen ari den Ignaziotar bideari lotuta, Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko sarreretan seinaleak jarriko dituzte.
Aste Santua
Proiektuez hitz egitean, Aste Santua aipatu behar da. «Aste honetan bertan dugu kanpaina prestatzen hasteko lehen bilera, eskualdeko baliabideekin, ostatuekin… ikusteko zer egin dezakegun», esan du Retak. Alde horretatik, Gipuzkoa Turismorekin bat eginda joango dira, eta horrek bi agertoki aurreikusten ditu: Gipuzkoa barruan bakarrik mugitu ahal izatea, edo erkidego osoan. «Promozioak horiei begira prestatu beharko ditugu, bi plan. Ez da aurreikusten estatu osora zabaltzea eskaintza», azaldu du Gonzalezek.
Datozen hilabeteak nolakoak izango diren ez dakite oraindik, baina iazkoak baino hobeak izango direla ziur daude. Hilabete batzuk itxita egon ziren, udan martxan jarri ziren baina museo eta baliabide batzuk itxita zeuden edo oso egun gutxitan zabalik, bisitari gutxi, bertako gutxi… Guztira, aurreko urtean baino %56 bisitari gutxiago igaro ziren Antiko turismo bulegotik.
IBILBIDEAK
UROLA GARAIA, 7 IBILBIDE
· Belokiko itzulia. 3,2 kilometro, 97 metroko desnibela, ordu eta laurdeneko iraupena.
· Antio-Izazpi. 8,1 kilometro, 466 metroko desnibela, bi ordu igotzeko eta ordu eta erdi jaisteko.
· Santa Barbara-Irimo. 4,1 kilo-metro, 309 m. desnibela, ordu eta hogei minutu igotzeko, 50 minutu jaisteko.
· Brinkola-Legazpi. 4,56 kilometro, 69 metroko desnibela aldapan behera, ordu eta erdi.
· Ezkio-Igartubeiti. 1,5 kilometro. Aztiria-Otaño. 4,4 kilometro, 257 metroko desnibela, ordu eta hamar minutu igotzeko eta 40 minutu jaisteko.
· Zumarraga-Urretxu. Herri barruko ibilbidea.WIKILOC , 16 IBILBIDE
· Urola Garaiko ibilbideak-Uggasa. Mikel Salaberriak eginda. 16 ibilbide, Hiru Tenpluen 2. ibilbidea, Tubobide, Artzanburu…
ANTIO-BELOKI
· Ibilbide paisajistikoa. Bost gunetan banatuta, Legazpi Dorretxea, saskigintza, Antioko baseliza, metalurgia eta trenbidea.
BIDE BERDEA
· Mirandaola-Zumaia. Bizikletaz edo oinez, hainbat etapa.