Aldiri kiroldegiko estalpea berritzen eta inpermeabilizatzen ari dira. Lanek hiruzpalau aste iraungo dute eta 63.800 euroko aurrekontua dute.
Urretxuko Udala Aldiri kiroldegiko estalkia inpermeabilizatzen ari da. Horretaz gain, estalkiko bost argi-zuloak aldatu behar ditu. Aurrekontua 63.875 eurokoa da.
Egungo estalkia 2004an jarri zen. Urte hartako neguan elur asko egin zuen eta gainean pilatutako elurraren ondorioz estalkia erori egin zen. Egungoaren etsaia, berriz, txingorra izan da. Kazkabarrak estalki gaineko materiala hondatu du eta ordutik itoginak daude. Ura kantxara erortzen da eta kirola egitea zailtzen du.
Hiruzpalau aste
Hori ikusita, Urretxuko Udalak konponketak egin zituen azaroan eta abenduan. Alperrik izan zen, ordea. Hala, udalak inpermeabilizazioa berritzea eta kiroldegiari argi naturala ematen dioten bost argi-zuloak aldatzea erabaki du.
Lanak larunbatean hasi ziren. Aldiri kiroldegiko estalkiak 1.865 metro koadro ditu eta lanak hiruzpalau astetan amaitzea espero dute.