MutaMu Urretxu eta Zumarragako musika taldeen kolektiboak deituta, elkarretaratzea egingo dute larunbatean, 'kultura ez profesionala berraktibatu!' lemapean.
COVID-19ak gogor jo duen sektoreetako bat da musika eta zuzeneko emanaldiei lotutako profesionalena, eta zer esanik ez, baita lan hori afizioz egiten dutenena ere. MutaMu Urretxu eta Zumarragako musika taldeen mugimenduak, kultura segurua dela aldarrikatu nahi du, eta kulturgintza profesionala eta ez-profesionala lehen bailehen berraktibatu behar direla.
“COVID19ak ezinbestean baldintzatu du gure egunerokotasuna, baita kulturarena ere. Osasun alerta egoera martxan ipini zenean, herriko kultur ekintza eta entsegu jarduerak eten egin behar izan ziren. Azken hilabeteetan etengabeko saiakeran ibili gara herriko kultur programazioak martxan ipintzeko, inongo erantzun zehatzik jaso gabe. Dekretuak argi uzten du ezin dugula inon jo, baina kultur eragileei segurtasun berme guztiez gozatzeko aukera eskaintzea eskatzen dugu, beste sektoreak hasi diren bezala, besterik ez. Profesionaltasuna eta kultura ez doazelako eskutik argi esan nahi dugu”.
Hala, segurtasun arauak beteta, “kultura segurua dela” gogorarazi dute. Eta aktibitate hori martxan jartzeak, artista profesional eta ez-profesionalez gain, beste sektore batzuei ere onura ekarriko diela, hala nola: areto eta antzokiak, ikuskizunetako teknikariak, kartel diseinatzaileak eta inprentak, ostalaritza, merkataritza…
Hori guztia aldarrikatzeko, elkarretaratzea deitu dute larunbaterako. 20:00etan izango da, Areizaga-Kalebarren plazan. Zarata ateratzeko edozer gauza ekartzeko deia egin dute.