Aforo mugarik ez dagoenean aurkeztuko dute
Urretxuko Udalak eta Lekaiok Anjela Kerexetaren (Joxe Mari Iparragirreren emaztearen) erraldoia egin dute, Iparragirre 2020 egitasmoaren barne. Koronabirusa dela eta, ezin izan dute aurkeztu oraindik. Izan ere, ekitaldi publiko batean aurkeztu nahi dute, jendea elkartzeko aukera dagoenean.
Oraindik aurkezterik izan ez badute ere, gaur kalera atera dute lehenengoz. Izan ere, Herri txiki, infernu handi telebista saiokoak Urretxura etorri dira eta, besteak beste, buruhandi eta erraldoien konpartsakoekin elkartu dira. Iparragirreren erraldoia bakarrik ateratzea, Anjelarena bukatuta egonda, gaizki iruditu zaie.
Anjelaren erraldoia egitea udalak eta Lekaiok proposatu zuten, Iparragirre 2020ko parte hartze prozesuaren barne. Helburua Anjelaren eta XIX. mendeko emakumeen ekarpenari balioa ematea da. Erraldoia egiteko Anjelaren argazki batean oinarritu dira. Erraldoia Mikel Ibarzabalek egin du eta arropa Lurra dantza taldearen jantziak egiten dituen Ramon Garciak.
Argazkian, Anjelaren erraldoia Kale Txikin. Kalea estua da, baina ez baxua… eta Anjela altua da, baina ez zabala.