Zuzeneko emanaldiak bultzatzeko Beste bat! egitarauaren barruan joko dute, Zelai Arizti aretoan. Sarrerak agortuta daude.
Eusko Jaurlaritzak Beste bat! zuzeneko arteen zirkuitua antolatu du eta Zumarragako Udalak egitasmo honekin bat egin du. Hala, abenduaren 23tik bost emanaldi egin dira Zelai Arizti aretoan. Seigarrena, eta azkena, gaur bertan izango da: Nogen folk-pop talde donostiarrak joko du, 19:00etan. Sarrerak agortuta daude jada.
Beste bat! zuzeneko arteen zirkuituak arrakasta itzela izan du Zumarragan. Punta-puntako emanaldiak izan dira eta harrera bikaina eduki dute. Abenduaren 23an Belako pop-rock talde bizkaitarrak jo zuen, abenduaren 26an Goikogela taldeak gospel kontzertua egingo zuen, abenduaren 28an Kantukolore taldeak haurrentzako ikuskizuna egin zuen, urtarrilaren 7an Travellin’ Brothers taldeak jazz eta blues kontzertua eskaini zuen eta otsailaren 13an Xabi Solano eta Kimua dantza taldearen ikuskizuna egon zen.
Jaurlaritzak kultura eta sormena bultzatzeko antolatu du zirkuitu hau. Zumarragako aurrekontua 40.000 eurokoa izan da. Jaurlaritzak 30.000 jarri ditu eta udalak 10.000.