Eusko Jaurlaritzak 24 etxebizitza egingo ditu 2024rako. 20 gazteentzat izango dira eta beste lauak udalari emango dizkio behar sozialei erantzuna eman diezaien.
Eusko Jaurlaritzak 24 etxebizitza eraiki behar ditu Urretxuko Lilibaso kalean. 20 etxebizitza alokairu sozialekoak izango dira eta gazteei zuzenduak egongo dira. Beste lauak udalari emango dizkio, behar sozialei erantzuna emateko erabili ditzan: larrialdiak, indarkeria pairatu duten emakumeak…
Etxebizitzak udalaren lursail batean eraiki behar dira. Lursail hau mendiaren magalean dago. Mendiari zati handi bat kendu behar izan diote etxebizitzak eraikitzeko behar den tokia lortzeko. Lan hori bukatu ondoren, mendi magala egonkortzen ari dira. Lan hori martxoa bukaeran amaituko dute. Jaurlaritzak ia 600.000 euro gastatu ditu mendia botatzeko eta eusteko lanetan.
Lilibaso zaharberritu
Eraikuntza lanak urte amaieran hastea espero dute. Obra 2024-rako bukatuko dute. Udalean oso pozik daude, balio eskasa zuen lursail bati erabilpen publikoa emango baitzaio. Obra amaitu ondoren, Urretxuko Udalak Lilibaso kalea txukunduko du. Besteak beste, espaloiak zabaltzeko asmoa du.
Etxeak Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolaketa, Etxebizitza eta Garraio sailak egingo ditu. Sail hau PSE-EEren esku dago. Nati Nieves PSE-EEko zinegotziak prentsa ohar bat kaleratu du, obra martxa onean doalako bere poza azalduz. «Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, Urretxuko 76 gazteak alokairu sozialeko etxebizitzak eskatu dituzte. Egitasmo honi esker, gurasoen etxetik joateko zailtasunak dituzten 36 urte azpiko gazteek irtenbide duin bat izango dute».
Merkatu libreko etxebizitzak gazteentzat garestiegiak direla gogoratu du. «Etxebizitzen salneurria dela eta, gazteek emantzipatzeko zailtasunak dituzte. Lilibasokoaren moduko promozioei esker, gazteek beraien bizitza proiektua garatzeko aukera dute». Bukatzeko, Nievesek bere alderdiak beti zoru publikoa herritarren beharrei erantzuteko erabili behar dela defendatu duela gogoratu du. «Alokairuko etxebizitza gutxi daude eta zoru publikoa arazo horri aurre egiteko erabili behar da, batez ere».