Izazpi auzoko kantxaren estalkiaren gainean jarriko diren plakek beraien energia beharraren %30a aseko dute. Beste %70a nori erosi beraien artean adostuko dute
Gipuzkoako Foru Aldundiak, udalaren laguntzarekin, energia komunitateen sorrera bultzatu behar du eta lehenengoa Zumarragan sortu behar da. Izazpi auzoko kantxaren estalkiaren gainean plaka fotovoltaikoak jarriko dituzte eta horiek sortzen duten energia 200 etxe eta dendetara helduko da. 200 erabiltzaile horiek energia komunitatea osatuko dute. Plakek behar duten energiaren %30a sortuko dute eta gainontzeko %70a erosi egingo dute. Energia garbia erosiko dute eta beraiek erabakiko dute zeini erosi. Udalak kiroldegian eta pilotalekuan ere plakak jartzeko asmoa du, energia komunitate gehiago sortzeko. Lehen komunitatea aurten bertan osatzea espero dute.
Egitasmoa atzo aurkeztu zuten, Izazpi auzoko kirol kantxan. Ekitaldian Jose Ignazio Asensio Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuak, Juan Diego Casals Edinor enpresako kontseilari delegatuak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak parte hartu zuten.
Serranok atzokoa Zumarragarentzat «oso egun garrantzitsua» izan zela esan zuen. «Eskerrak eman nahi dizkiot Jose Ignazio Asensio diputatuari, Zumarragari aitzindari izateko aukera eman diolako. Hemen jarriko duten plakek 200 etxebizitzen energia beharraren %30a asetuko dute. Beste %70a ere energia berdea izango da eta energia komunitateak berak negoziatuko du banatzaileekin».
Trantsizio energetikoa
Zumarragak trantsizio energetikoaren aldeko apustua egin duela esan zuen. «Askotan hitz egiten dugu trantsizio energetikoaz, baina hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da. Autokontsumoa eta kontzientziazioa landu behar dira. Lanean jarraituko dugu, portzentaia horrek gora egin dezan».
Asensiok ere oraindik asko dagoela egiteko onartu zuen. «Gipuzkoako 62.500 etxe pobrezia energetiko arriskuan daude. Azken 12 urteetan, elektrizitatearen prezioa %53 igo da eta gasarena %25. Energia mendekotasun handia dugu, %92 kanpotik ekartzen baitugu. Gainera, kontsumitzen den %7 bakarrik da energia berriztagarria. Beraz, asko dago egiteko».
Europar Batasuna
Hori guztia dela eta, eskerrak eman zizkien Zumarragako Udalari eta Edinor enpresari egitasmo honetan parte hartzeagatik. «Arlo publikoaren eta pribatuaren arteko kolaborazioa da bidea. Aldundiak trantsizio energetikoa bultzatzeari lehentasuna eman dio eta lan ildoetako bat energia komunitateena da. Egitasmo hau Europar Batasunaren Next Generation laguntza programara aurkeztu dugu, bere helburuekin guztiz bat baitator. Laguntzak lortzen baditugu, egitasmo honek bultzada handia jasoko du. Baina bestela ere, egitasmo honek aurrera egingo du. Gure helburua Gipuzkoan kontsumitzen den energiaren %80a berriztagarria izatea da. Eta hori, egitasmo hau bezala, herriarekin eta herriarentzat egingo dugu».
Edinor enpresa arduratuko da Izazpi auzoko kantxako estalkian plakak jartzeaz. Diegok egitasmoaren nondik norakoen berri eman zuen. «Energia ekoizpen instalazio handietatik ekarri beharrean bertan ekoizteak abantaila asko ditu. Efizientzia handiagoa da eta ez dago garraio gasturik. Horretarako herrietan energia komunitatea asko sortu behar dira. Horrekin herritarren burujabetza energetikoa ere lortzen da». Gainera, energia berriztagarria bakarrik sortzen dute. «Egitasmo hau Europar Batasunaren helburuekin guztiz bat dator: energia kontsumitzen den tokian bertan sortzen da, ez du emisiorik sortzen, sortzen den tokitik 500 metro baino gutxiagora kontsumitzen denez ez da bidesaririk ordaintzen, edonork parte har dezake egin beharreko inbertsioa txikia delako, energia taldetik nahi denean atera daiteke, sistema honek herritarren parte hartzea bultzatzen du…», azaldu zuen.
Egitasmo honetan parte hartu nahi duten zumarragarrek udaletxean eman behar dute izena. Pobrezia energetiko arriskuan daudenek lehentasuna izango. dute.