Orain arte egindakoaren berri eman dute antolatzaileek: hiru manifestazio, martxa onean doan sinadura bilketa, inguruko udaletan onartu duten mozioa eta Gasteizko Legebiltzarrean izandako bilera. Herritarrek erakutsitako babesa eskertu dute.
Zumarragako anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunearen (EAG) aldeko plataformak deituta, ehunka herritar elkartu dira gaur eguerdian Urretxu eta Zumarraga zeharkatuz manifestazioa egiteko. EAG egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzea eskatzea zen helburua.
Areizaga-Kalebarren plaza izan da abiapuntua, 12:00etan. Baina manifestazioa atera aurretik, plataforma antolatzailearen ordezkariek orain arte emandako pausoen berri eman dute. Gaurkoa, helburu berarekin egindako hirugarren manifestazioa dela esan dute hasteko, eta ondoren, anbulatorioko zerbitzua berreskuratzeko eskatuz egiten ari diren firma bilketa martxa onean doala adierazi dute, dagoeneko 3.000 sinaduratik jaso direla. Bestetik, plataformak aurkeztutako mozioa Urretxu, Zumarraga, Ezkio eta Legazpiko udalek onartu dutela ere jakinarazi dute, eta Gabiriakoaren zain daudela, oraindik plenoa ez dutelako egin. Azkenik, aste honetan bertan Gasteizen izan direla ere jakinarazi dute, Legebiltzarrean, EH Bilduk lagunduta, eta hango ordezkariekin hitz egin ondoren, sentsazio onekin itzuli direla aitortu dute.
Manifestazioa atera da ondoren, Areizaga-Kalebarren plazan elkartu den jendetza bi hilaratan banatuta, eta ibilbidean zehar Zumarragako zerbitzua zazpi egunez eta 24 orduz berriz irekitzeko ozen eskatuz eta osasun publikoaren aldeko oihuak eginez. Bi herriak zeharkatu ditu manifestazioak, eta Zumarragako anbulatorioaren aurrean geldialdia egin dute.
Iazko martxotik itxita
Zumarragako anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunea egunero irekitzen zen iazko martxora arte: astelehenetik ostiralera 17:00etatik 08:00etara eta larunbat, igande eta jai egunetan eguneko 24 orduetan. Urretxuko eta Zumarragako biztanleei ez ezik, Legazpi, Ezkio eta Itsasokoei ere ematen zien zerbitzua.
Martxoan Osakidetzak ixtea erabaki zuen, koronabirusari hobeto aurre egiteko. Udazkenean ireki zuten berriz, baina larunbat, igande eta jai egunetan bakarrik, 09:00etatik 21:00etara. Gainontzeko egunetan, Goierri garaiko bizilagunek anbulatoriora deitu behar dute eta bertan telefonoz artatzen dituzte, edo Beasaingo anbulatoriora edo Zumarragako ospitalera bideratzen dituzte.