ZUbertsotan bertso eskolak hasitako katearen seigarren begia Gorka Azkaratek jarri du, martxoaren bueltan Urretxun eta Zumarragan izaten zen bertso giroari kantatuta.
Martxoaren bueltan
· Doinua: Aita izena
· Egilea: Gorka AzkarateBertsogintzaren txikitasuna
maiz agertzen zaigu gordin,
baina berezi egiten gaitu
eta ez besteen berdin.
Gure patua horixe baita:
eragin eta eragin…
Nahiz pandemia garai honetan
ezin den askorik egin,
martxoak ez du zerikusirik
beste hilabeteekin.Taberna lepo, zigarro kea
mugikorrak amatatu,
zehazki zer zen jakin ez arren
zerbait behar zen gertatu.
Oholtza gainean bizpahiru friki
ta beste zenbait pitzatu,
berdin zitzaigun lehia herrikoi
edo bertso musikatu,
halako amets zororik ez da
beste askotan gauzatu.“Lasai bertsoa da bizikletan
ibiltzearen pareko,
egun batean ikasten baita
inoiz ere ez ahazteko…”.
Jende aurreko giro horretan
sentitzen ginen etxeko,
baina mihia herdoildu ahala
lotsa kantuan hasteko,
orain nahiko lan bertso ziztrin bat
paperean osatzeko…Bertsoa hain da ederra eta
bertso giroa itzela,
esango nuke herri honetan
zaletasunik badela.
Belaunaldiak aldatuz doaz
ezin da izan bestela,
garai berriak badatozkigu
eta etor daitezela,
seguru nago lehengoak bezain
onak izango direla!