Iparragirre plazako iturria urretxuarren kuttuna da. San Martin de Tours parrokian apaizak ura bedeinkatzen du eta elizaren ondoan dagoen iturrian urretxuarren bedeinkapena duen ura edan daiteke.
Urretxuko Iparragirre plazan ez da ur bedeinkaturik falta: San Martin de Tours parrokian apaizak bedeinkatutakoa aurki daiteke eta iturrian, berriz, herritarren bedeinkapena duena. Geroz eta gutxiago dira elizako ur bedeinkatuarekin aitaren egiteko ohitura dutenak. Irimo menditik datorren urak, ordea, ez du jarraitzailerik galdu.
Urretxuarrek asko maite dute Iparragirre plazako iturria. Udaletxea plazan bertan dago eta udal langile askok bertan betetzen dute botila. Koronabirusa heldu zenetik, osteguneko azokako postu batzuk plazan jartzen dira eta saltzaileek ere iturrira jotzeko ohitura dute.
Txirrindulariek, zer esan… Urretxuko txirrindulari askok bertan betetzen dute botilatxoa irten aurretik. Eta Gipuzkoako gainontzeko herrietako txirrindulari askok ederki asko dakite Urretxutik pasatzen direnean non bete dezaketen botilatxoa. Haurrei dagokienez, asko gustatzen zaie iturrian jolastea. Izan ere, etengabeko jarioa du. Pultsadorerik ez duenez, plisti-plasta ibiltzeko primerakoa da.
Urretxuko plazako lehen iturria 1763an egin zuten. Egun gure etxeetan iturriak ditugu eta beti hala izan dela iruditzen zaigu, baina garai batean ura ez zen etxeetara iristen. Hala, gure kale eta plazetan zeuden iturriek oso funtzio garrantzitsua zuten. Bertatik hartzen zuten etxean behar zuten ura.
Garai bateko hodiak egungoak baino askoz ere kaxkarragoak ziren eta herria askotan gelditzen zen urik gabe. Agirien arabera, Urretxuko plazako iturria bospasei aldiz konpondu behar izan zuten.
Egungo iturri dotorea 1995ekoa da. Plaza berritu zenekoa. Arkitektoak sakagailudun iturri bat jartzea proposatu zuen, baina Ramon Arbizu alkateari ez zitzaion diseinua gustatu eta Koldo Argandoñarengana jo zuen. Ordurako, Jose Ramon Etxaniz Pitxi brigadako langilea iturriko aska egiten ari zen.
Argandoñari asko gustatu zitzaion Etxaniz egiten ari zen lana eta alkateari lan talde bat osatzea proposatu zion. Alkateak, Etxanizek, Argandoñak eta Joxe Leunda zinegotziak osatu zuten.
Iturriak frontoi bat eta grifo bat ditu. Grifoa animalia mitologiko bat da. Urretxukoak ahotik ura botatzen du. Iturriak, frontoiaz eta grifoaz gain, herriko armarria du. Armarri hau Ipiñarrieta marmoldegiak egin zuen.
Garai bateko iturriak ura borborka botatzen zuen eta gozoago bota zezan ur-biltegi bat egin zuten. Biltegi horri esker, menditik ur asko datorrenean iturriak soberakina botatzen du eta gutxi datorrenean biltegitik hartzen du. Hala, urte osoan zehar ura du.