Zalacain hiru Michelin izar lortu zituen Estatu espainiarreko lehen jatetxea izan zen
Expansion.com webguneak Iñigo Perez Urrechu sukaldari urretxuarrak eta Manuel Marron enpresariak Madrilgo Zalacain jatetxe ospetsua erosi behar dutela iragarri du. Coches.com webgunearen sortzaileak ere eskaintza egin du, baina langileek Perez eta Marronena nahiago dute.
Zalacain Madrilgo jatetxe ospetsuenetako bat da. 1973an ireki zuten eta hiru Michelin izar lortu zituen Estatuko lehen jatetxea izan zen. Koronabirusak eragindako krisiarengatik itxi egin dute.
Zalacainek bi jatetxe ditu: ekitaldi handietakoa eta Michelin izarrak izan zituena. Perezek ekitaldi handietakoa hartu nahi zuen, baina langileek bestea ere hartzeko eskatu zioten eta horregatik ere eskaintza aurkeztu du. Epez kanpo aurkeztu bada ere, epaileak bigarren eskaintza ere onartu du.
Epaileak ez du erabakia hartu oraindik, baina Urretxuko sukaldariak bi jatetxeak lortuko dituztela uste du. “Gurasoek eta Martin Berasategik lan egiten eta gure sukaldaritza errespetatzen irakatsi zidaten. Zalacain izen handiko jatetxea da eta, gainera, Altsasun du jatorria. Hori dela eta, pena handia eman zidan ixteak. Ez dut ondare hori galtzea nahi. Gure eskaintzak sekulako zalaparta sortu du: Martin Berasategiren deia jaso dut, gurasoek bizilagunen deiak jaso dituzte…”.
Perez Martin Berasategiren jatetxeko sukalde burua izan zen. Telebista kate askotan lan egin du eta hiru jatetxe ditu Madrilen: El Fogon de Zein, Urrechu eta El cielo de Urrechu.