Mendizabal baserriko Itziar Sasieta, Motz tabernako Gaizka Oiartzabal, Jesus Mendizabal saltseroa, Iñaki Akizu parrokoa, Egoitz Mujika 'Txiki' auto gidaria eta Nadia marokoar jatorriko euskalduna dira protagonistetako batzuk.
ETB1eko Herri txiki, infernu handi saiokoak Urretxun egon ziren joan zen astean. Zuhaitz Gurrutxagak, Mikel Pagadizabalek, Sebastian Lizasok eta lan taldeko gainontzeko kideek urretxuarrekin egindako elkarrizketak aurkeztu zituzten Ederrena pilotalekuan.
Elkarrizketatuen artean, Mendizabal baserriko Itziar Sasieta, Motz tabernako Gaizka Oiartzabal Pitillo, Jesus Mendizabal saltseroa, Iñaki Akizu parrokoa, Egoitz Mujika Txiki auto gidaria eta Nadia marokoar jatorriko euskalduna daude. Pilotalekuan bildu zirenek primeran pasa zuten.
Herri txiki, infernu handi 2015eko urtarrilaren 4an estreinatu zen eta azken urteetan ETB1en emititu den saiorik arrakastatsuena da. Igandetan emititzen da.
Denboraldi berria Baserria saioa amaitzen denean hasiko da eta aste honetan bertan iragarri dute Urretxuko saioa noiz emango duten: maiatzaren 16an. Egun horretan Urretxun grabatutako elkarrizketak eta Ederrenako aurkezpena emango dituzte.