Uraren kudeaketa publikoa nahi du
Urretxu eta Zumarragako EH Bilduk bi udaletan eskaera bana aurkeztu dute. Udalei Aquarberekin duten kontratua ez berritzeko eta uraren kudeaketa publikoa bultzatzeko eskatu diete. Horra hor EH Bilduk bidali duen prentsa oharra.
“2007. urtetik aurrera Urretxu zein Zumarragako Udalek uraren hornikuntza eta saneamenduaren kudeaketa lehiaketa bidez Aquarbe enpresari esleitu zieten. Lehiaketa modu desberdinean egin zen, baina gaur egun Gipuzkoan uraren kudeaketa esku pribatuetan daukaten udal bakarrak Urretxu eta Zumarragakoak dira.
Denona den ondasuna eta giza eskubidea den ura, etekin ekonomikoa lortzeko helburuarekin orain arte esku pribatuetan egotea onargarria ez izateaz gain, aurrerantzean ere erabaki honek Urretxu eta Zumarragako herritarrak zuzenean kaltetu eta kaltetzen ditu; horren adibide, alde handiz uraren tasaren prezioa Gipuzkoako garestiena duten bi herriak dira (Zumarraga lehendabizikoa eta Urretxu jarraian) eta herritar asko eta asko (beraiek hala erabaki gabe) faktura jaso gabe geratu dira.
Aipatutako kontratua bi herriotan urte honen bukaeran amaitzen da eta honek aukera berri bat zabaltzen digu parez-pare: uraren kudeaketa publikoa.
Egoera honen aurrean, Zumarragako eta Urretxuko EH Bilduk bi Udaletan eskaera banari sarrera eman diegu. Eskaera orri honetan honakoa eskatzen dugu:
-
● Bi Udalek era bateratuan uraren kudeaketa publikorako prozedura martxan jar dezatela. Besteak beste, hau izango baita bai herritarrak zein gaur egun Aquarbeko langileak direnak aintzat hartuko dituen aukerarik hoberena.
-
● Zumarraga zein Urretxuko Udalek Aquarberi fakturak lehenbailehen herritarren eskura jar ditzan exijitzea, herritar bakoitzak erabaki dezan esplizituki nola jaso nahi dituen fakturak, eta ez Aquarbek.
-
● Urretxu eta Zumarragako Udalek Aquarberekin duten kontratua ez berritzea, hau da, etetea”.