Josune Zarandona kazetariak eta Gotzon Aranburu bideogileak 'Zumarragako Emakumeak' proiekturako elkarrizketatu dituzten hamar emakumezkoei omenaldia egin diete gaur eguerdian Zelai Ariztin.
Carmen Asenjo, Mila Osinalde, Mari Carmen Hortigüela, Rita Plazaola, Puri Exposito, Rosario Albisua, Izaskun Mendez, Lourdes Ormazabal, Lourdes Aranburu eta Carmen Murillo. Zumarragako hamar emakumezko horiei elkarrizketa zabalak eginez Zumarragako emakumeak proiektua ondu dute Josune Zarandona kazetariak eta Gotzon Aranburu bideogileak, Martxoaren 8aren bueltan.
Azken asteetan sarean zabaldu dituzte elkarrizketak banan-banan, eta gaur, Zelai Arizti aretoan omenaldi xume bat egin die Zumarragako Udalak. Lourdes Ormazabal ez beste denak izan dira ekitaldian. Mikel Serrano Zumarragako alkateak landare bat eta Antioko argazki bat eman dizkie bakoitzari esker gisa. Bukaeran, taldeko argazkia atera dute Zelai Arizti aretoaren atarian.
Musika eskola hiru ikasleren emanaldi labur batekin hasi eta bukatu da ekitaldia. Tartean, Josune Zarandonak eta Mikel Serranok hartu dute hitza. Kazetariak eskerrak eman dizkie emakumeei “etxeko ateak zabaltzeagatik, eta garai bateko oroitzapenak eta gaur egungo bizipenak guztiokin konpartitzeagatik”. Alkateak egileei, parte hartu duten emakumeei eta ekitaldira hurbildu diren guztiei eman dizkie eskerrak, eta nabarmendu du “beste ale txiki bat” jarri dutela Zumarragaren historian.