Nagore Ramosek (Urretxu, 1978) Nare mindfulness zentroa ireki behar du ZumarragakoSecundino Esnaola 12an. Herritarrei gelditzeko eta hausnartzeko aukera emango die.
Ze ikasketa egin dituzu?
Psikologoa naiz eta psikoedukazioan esperientzia handia dut.Taldeekin eta bakarka lan egin dut arlo horretan. Nire lana dela eta, 2016an mindfulness formazioa egin nuen. Bi hilabeteko formazioa egin nuen, nik eskainiko dudana bezalakoa, eta mindfulness-aren munduan buru belarrisartu nintzen. Ongizatea bermatzeko eta zabaltzeko modu ona da. Hori dela eta, zentro hau irekitzea erabaki dut. Niri oso lagungarria suertatu zait eta jendeari ere lagungarri suertatu ahal zaiola uste dut.
Nondik nora ibili zara lanean orain arte?
Leku ezberdinetan lan egin dut. Azken urteetan Ibaiondo zentroan lan egin dut. Hor jarraitzen dut, hezitzaile bezala. Azken urteetan Ibaiondoko lana formazioarekin uztartu dut.
Lehen psikoedukazioa aipatu duzu.
Ibaiondon gazteei hortik ateratzen direnerako erremintak eskaintzen saiatzen gara. Ikasgai ezberdinak eskaintzeaz gain, beraien barne garapena zaintzen dugu.
Apirilean mindfulness zentroa irekiko duzu. Zer da zehazki mindfulnessa?
Euskaraz erabateko arreta esan nahi duen anglizismo bat da. Gure arretaren entrenamendua da. Izan ere, askotan gure burua toki askotan egoten da eta horrek antsietatea sortzen du: hau egin behar dut, beste hau egin beharko nuke, beste hori gaizki egin dut… Horrek guztiak tristura eta depresio puntu bat dakar. Mindfulnessak arreta une horretan egiten ari garen horretan jartzen laguntzen du. Horretarako, gelditu eta behatu beharra dugu, erabaki argiagoak hartzeko.
Nolakoak izango dira zure saioak?
Programak bi hilabeteko iraupena du eta taldean edo bakarka egin daiteke. Bi hilabetetan norberak bere burua ezagutzeko eta emozioa erregulatzeko erremintak eskuratzen dira. Gure buruarekin eta inguruarekin dugun ongizate maila hobetzeko erremintak. Arnasketa, sentsazioak, pentsamenduak… lantzen eta aztertzen dira. Azken urteetan ikerketa asko egin dira eta mindfulnessak eragin positiboa duela ikusi da. Hori dela eta, azken urteetan oso ezaguna egin da.
Zein da bere jatorria?
Teknikak ekialdetik datoz. Milaka urteko tradizioa dute, baina eduki erlijiosoa kendu zaie eta egungo bizimodura egokitu dira. Oso ulergarriak dira eta adin guztietako jendearentzat egokiak. Teknika horiek gure egunerokotasunean erabiltzen irakatsiko dut, ahalik eta ongizate handiena lortzeko. Bi hilabeteko programaren ondoren, nahi duenari jarraipena eskainiko diot, baina ez da beharrezkoa.
Zentroari Nare izena jarri diozu.
Euskal izen bat jarri nahi nion eta nare lasai hitzaren sinonimoa da. Gainera, nare hitza nire izenaren lehen eta azken silabek osatzen dute.
Nola ikusten duzu egungo gizartea?
Geroz eta estresatuago bizi gara eta pandemiak ez digu baretzen lagundu. Oso azkar bizi gara, pilotu automatikoarekin. Gauzak gehiegi pentsatu gabe egiten ditugu eta egin dugunaz konturatzen garenerako ez du atzera bueltarik. Ez gara konturatzen pilotu automatikoarekin goazela. Gainera, pandemiak izua eta ziurgabetasuna areagotu egin ditu. Gelditu beharra dugu, lasaitzeko. Eta lasaitasuna gure barnean bilatu behar dugu. Jendeak ariketa fisikoaren garrantzia barneratua du, baina ariketa mentala ere beharrezkoa da. Hemen hori egingo dugu.
Zer egin behar da Nare mindfulness zentroan izena emateko edo informazio gehiago lortzeko?
688 693 826 telefono zenbakira deitu daiteke edo naremindfulness@gmail.com helbide elektronikora idatzi.