Realaren ordezkariek klubaren bandera oparitu diete alkateei udaletxeetan jartzeko eta Realak Gipuzkoako herri guztietako banderak Sevillako hotelean jarriko ditu
Realak Kopako finala jokatuko du apirilaren 3an Athleticen aurka, Sevillan. Zaleek ez dute Sevillara joaterik eta agur jendetsurik ere ezin izan da antolatu, baina Realak zaletu guztiak gogoan izango dituela argi uzteko ekitaldi bat antolatu du. Aste honetan Realaren autobusa Gipuzkoako herrietara joango da eta herrietako banderak hartuko ditu, Sevillako hotelean jartzeko. Bestalde, alkateei Realaren banderak emango dizkie, udaletxeetako balkoietan jarri ditzaten.
Gaur autobusa Urretxu eta Zumarragan egon da. Autobusean Joseba Ibarburu eta Aitor Diaz de Mendibil zuzendaritzako kideak eta Mikel Loinaz jokalari ohia etorri dira. Mikel Serrano eta Jon Luqui alkateei Realaren banderak eman dizkiote eta alkateek Zumarraga eta Urretxuko banderak eman dizkiete Sevillara eraman ditzaten.